Urteko fruta uzta garrantzitsuenen garaia da. Sagarrak, hurrak, madariak, muxikak. pikoak, aranak eta abar etxe inguruetan eta elorri zuriak, basaranak edo arantzanbiloak, astalarrosak, masustak, otsolizarrak, hostazuriak eta abar basora alderaxeago.
Garai batean baso izan ziren eta artzantzaren garapenaren poderioz piskanaka belaze eta larre bilakatu dira gure mendietako sail asko. Harria ugaria eta eskulana merkea zen tokietan harresiz mugatzen ziren larreak. Zaharragoa da, ordea, mugatan basoaren kondarrak uzteko ohitura. Bertan lizar eta astigar muarrotugaiak, elorri zuri eta beltzak, otsolizarrak, hurritzak, laharrak eta abar hazten uzten dira. Batzuek eskardura deitzen dioten arantzadunen pupurri hau haziendari barruti barruan eusteko ona izateaz gain gainontzeko animalientzat babes eta udazken-negurako janari erreserba aparta da. Animali hauen artean gaude gu. Mermeladak, dultzeak, ukenduak, edabeak, likorrak, eta abar luze bat negurako osatzeko hor ibili ohi da arantza artean jende desdetxa sasoi honetan. Zastateko eta zastateko artean gehienak arantxanbiloak eta masustak biltzen eta gutxi batzuk elorri zuri eta astalarrosen pinporta gorriak jasotzen, etxera iritsitakoan, ahal dela, eskardak kendu eta holako edo halako ontzietan era batera edo bestera sartzeko. Patxarana edateak ez dakit, baina astalarrosa mermeladak merezi du eskarda kentze lan hau. Sekula dastatu al duzu?