argia.eus
INPRIMATU
LANDAREAK
MILU KUTIXIA
Jakoba Errekondo 2001eko irailaren 16a
Milua aspalditik ezaguna da gure artean, Hegoaldean osasuna zaintzera emanak diren sorgin eta sendagileen artean batez ere eta Iparraldean hauen artean adina sukaldarien artean. Foeniculum vulgare du izena bide ertzetan, ezponda eta betelan harroetan ia nonahi aurki daitekeen miluak. Foeniculum vulgare var dulce du izen teknikoa pertzetarako baratzetan hazten den Florentziako milu gozoak.

Milua, anisa, perrexila eta azenarioaren familiakoa da, unbeliferoetakoa, hau da, irekitako aterki baten itxuran bilduta loreak ematen dituztenen senitartekoa.
Tarteri honetakoen beste ezaugarri garrantzitsu bat bere berdearen usaina da. Miluak anetol deituriko osagarri bati zor dio bere esentzia goxo, mehe berexia eta honek mokofin asko askoren ahoko sabai finak eta pituitaria koloretsuak xaxatuz gaineko garunetan eragiten duen agure tipoko dardaizo sasi orgasmikoei eskerrak sekula-sekulorum hango edo hemengo baratzaren batean jaso eta zaindua ikusi ahal izango da.
Baratzetan hazitakoen ipurtaldeko hosto pila pottoloa jan ohi da, gordinik xerratua entsaladan, eltzekoak fintzeko, frijitua edo omeletan, edo egosia olioz, limoi-zukuz edo gurin saltsaz lagundurik. Basatia toki lehorretan garatu edo tontortua dago, dagoenerako. Toki hezeetan edo udan moztua izan denetan, puja berriak berde-berde izango ditu oraindik, moztu eta mermeladak, likorrak eta abar perfumatzeko edo sendabelar gisa erabiltzeko jaso