Era guztietako irakasle eta ikasleekin hitz eginda, hezkuntza eta irakaskuntza-arloan problematika latza, sakona eta interesgarria dagoela sumatzen da.
Izan ere, irakaskuntza, sinplifikatuta, ikaslea hizkuntzetan, matematiketan, teknologia berrietan... ongi prestatzea dela esan daiteke, ikasle bakoitzaren adimen-kozienteari (AK) ahalik eta zukurik gehien ateratzea.
Gizakia eta bizitza, ordea, hori baino konplexuagoak dira, eta adituek, azken hamarkadan bereziki, asko azpimarratu izan dute alderdi emozionala. Makina bat ezagutzen ditugu oso buruargiak (AK handikoak) izanik, ikasketetan noraezean dabiltzanak; edota ikasten bikainak izan arren, gero familian, ezkon-bizitzan, lagunartean, lantegian... porrot egiten dutenak. Zergatik? Beste faktore asko baztertu gabe, gabezia eta hutsune emozional larriak dituztelako. Honetaz guztiaz bada liburu interesgarri bat, zuetako askorentzat ezaguna, ziur asko: «Inteligencia Emocional/L'intelligence émotionnelle», Daniel Goleman psikologo estatubatuarrarena. Bigarren liburuki bat ere kalean du, inteligentzia emozional horren praktikaz. Atal batzuk, gutxienez, oso irakurgai gomendagarriak dira guraso eta irakasleentzat.
Ikuspegi honetatik, sentimenduek berebiziko garrantzia dute. Nork bere burua ezagutu eta kontrolatzea, motibatzeko gaitasuna, zailtasun eta eragozpenekiko jarrera, iraunkortasuna, harremanetarako eta talde-lanerako abilidadea, enpatia eta altruismoa.... trebetasun erabakigarriak dira bizitzarako. Alderdi emozional hau ez zaintzeak hamaika arazo sortzen ditu pertsonarengan (bere osasunean: antsietate kronikoa!), bikote-bizitzan, lantegietan... eta ikastetxeetan!
Irakasle gehienek aitortzen dute haur eta gaztetxoengan gero eta zabalduagoak daudela bakartzea, depresioa, amorrua, diziplinarik eza, urduritasuna, antsietatea, asperdura, agresibitatea...
Arazo emozional horiekin guztiekin ikasgelan topo egiten dute irakasleek, eta sarri, normala denez, arazoak gain hartzen die. Batetik, irakasle eta helduok geure gaitasun emozionalak eta oreka psikikoa behar bezala landu eta garatuta ba ote ditugun galdegin daiteke. Bestetik, sintoma horietako asko egungo bizimoduaren ondorio berriak izanik, nork daki garbi nola jokatu horien aurrean? Planteatzen al da gure hezkuntza-sisteman nola landu eta garatu zuzen-zuzenean akademikoak ez diren beste alde horiek guztiak? Ala familiak eskolari, eta eskolak familiari, eta guztiok gizarteari fardela pasa eta konformatzen gara?
Droga, elikadura-arazo, haurdunaldi goiztiar, eskola-porrot eta abarren inguruan gurutzada edo kanpainak antolatzeaz gain -edo horren aurretik-, hobe genuke ondorio horien sustraiak patxadaz eta serio aztertzea hezkuntza-munduan, eta ez telekomedia entretenigarriak bakarrik egiteko, baizik eta, batez ere, eguneroko bizimodua eramangarriagoa izan dadin guztiontzat.
Egia balitz benetan sinesten dugula Erasmok esandako hartan: "Nazio baten itxaropen nagusia bere haurren heziketa egokian datza"! l