argia.eus
INPRIMATU
Iñaki Egaña
"GERTAERA GOGOANGARRI FRANKO JASO DITUT LIBURUAN"
Pilar Iparragirre 2001eko irailaren 16a
Zein izan da zure liburu honen helburu nagusia?
Bada, nolabait adieraztea historia ez dutela errege-erreginek eta ospe handikoek bakarrik egiten, garai guzietan egokitu zaiola jende xeheari gertaera gogoangarri franko bizitzea. Horren froga ugari aurkitu izan dut idatzi behar nituen saiakera, nobela, egunkarietako zutabe eta batik bat 1936ko Gerra Zibilaren inguruko entziklopediarako datu bila ibili naizenean. Nik beti izan dut bitxikeriak jasotzeko ohitura, eta horietatik mordoa neukala ikusitakoan bururatu zitzaidan liburu hau idaztea.

Eta non aurkitzen dituzu albiste harrigarri horiek?
Artxibategietan, egunkarietan, jendearekin hitz eginez... leku askotan! Adibidez, lehengo egunean batekin hizketan hasi, eta bere bidez jakin nuen Arrasateko Unibertsitateko irakasleak Metaleko Hitzarmenean daudela. Ez al da bitxia? Horrela ere ezagutu daitezke nik liburuan jasotako gertaeren modukoak. Norbaitek arrastoan jartzen zaitu, eta zuk hura segitzea baino ez duzu.

Nolako harrera izan du zure lan honek?
Egia esan, oso-oso ona. Izugarri saltzen ari da eta dagoeneko martxan da bere bigarren edizioa. Izan ere, adituek ezagunak izango dituzte nik liburuan agertzen ditudan gertaera harrigarri eta bitxiak, jakina, baina irakurle arruntek ez, eta hauek asko eskertzen dizkizute horrelako ahaleginak. Behintzat hamaika jendek zoriondu nau nire azken lan honengatik. Gainera, erraz irakurtzen den liburua dela esango nuke, ez baitaukazu zergatik hasi eta bukatu arte hariari jarraiki lotua egon beharrik: berdin irakurri dezakezu Historia Aurreko gertaeraren bat orain, gure garaiko beste bat jarraian, eta Erdi Arokoren batekin amaitu.