Derrigorrezko Bigarren Heziketa egiten ari diren gazteek, eta ez ahaztu adin horretan daudela 12-16 urte bitarteko gure seme-alabak, beren motxila edo bizkar-zorroetan gomendatuko litzatekeen pisua baino 3-4 kilogramo gehiago garraiatzen dituzte egunero-egunero, etxetik eskolara doazenean, eta atzera berriro etxera itzultzen direnean. Eta bidaian ematen duten denbora, joan-etorria alegia, ordu-erdi edo ordubetekoa da.
Oraindik ere hazten ari diren gorputzetan egindako gain-esfortzu horrek malformazioak eragiten ditu epe luzera, bizkarreko trastornoak eta baita pintzamenduak ere muskulu eta artikulazioetan, Eskola Publikoko Ikasleen Guraso-Elkarteko Federazioen kidea den Patxi Alonso medikuak adierazi zuen bezala.
Ikasle horiek bizkarrean eraman behar luketen pisuak hiru-lau bat kilokoa izan beharko luke, bizkar-zorro edo motxila batean behar bezala kokatu eta orekatuak. Izan ere, gauza jakina baita gainean eraman beharreko zamak ez duela inoiz izan behar gorputz-pisuaren % 10 baino handiagoa. Atera hortik kontuak, irakurle gurasoa.
Federazioak eskoletan takilla egokiak jartzea eskatu du, ikasleek egunero material guztia garraiatu behar izan ez dezaten, eta argitaletxeei eskatu die kilo-erditik gora pisatzen duten liburuak tomotan bana ditzatela. Azkenik gurpilez hornitutako motxilen erabilera kaltegarritzat jo dute, gazteen beso eta bizkarren gain eragin ditzaketen kalteengatik. Beraz, badakigu datorren ikasturte-hasieran zeri erreparatu beharko diogun beste hainbat gauzaren artean: motxilaren pisuari hain zuzen ere