ZINEMAN LABUR
HILAREN 10ean hasi bazen ere, 22a arte ikusi ahal izango da Bidasoako Film Laburren Nazioarteko Jaialdian hainbat eta hainbat film labur. Guztira, 20 film eskaintzen ditu aurtengo Jaialdiak. Guztiak jaialdiaren lau egoitzetan ikusi ahal izango dira: Elizondo, Doneztebe, Bera eta Hendaian. Lehiaketan parte hartuko duten hogei film laburretatik bost dira Euskal Herriko egileenak: Laura Bellosoren «El ultimo cuento», Inaz Fernandezen «Hauspo soinua», Miren Zamakolaren «Usoa», Pablo Maloren «Jardines deshabitados» eta Sara Mazkiaren «Hide&Jekill». Jaialdiak aurten hainbat berrikuntza izan ditu. Besteak beste, hilaren 19an zonaldeko zinemagileak bultzatzeko haien bideo lanak eskainiko dituzte Beran eta gainera, publikoaren sari bat ere egongo da aurten.
IRUDIAK ISILTASUNEAN
ISILTASUNEAN du izena Zarauzko Olerti Etxeak hil honetarako martxan jarri duen zikloak. Lehengo ostiralean hasita, eta ostiralero, arratseko zazpi eta erditan, zinema isilaren garaiko zinegileak aztertuko dituzte bertan. Lumiere anaiak, Edison, Murnau ... eta beste hainbat izango dituzte hizpide. Gainera, filmak ikuste-ko aukera izango da.
OKZITANIA GERTUAGO
OKZITANIAKO Kultura eta nortasuna euskaldunei ezagutarazteko xedez, Haize Berri kultur etxeak eta Okzitaniako Kultur Erakundeak «Topa Oc’» izeneko Jaialdia antolatu du Izuran. Hilaren 28, 29 eta 30ean zehar hainbat ekitaldi burutuko da. Horien artean, okzitaniar hizkuntzari buruzko hitzaldia, dantza ikastaroak, Okzitaniako gazte mugimenduari buruzko mintzaldia eta Okzitania eta Euskal Herriko musikarien kontzertuak.
EKAIN BERRIA DATORREN UDAN
EKAINGO kobazuloaren barrualdeko kopia prestatzen ari da Frantziako Z.K. Productions enpresa. Bitartean, Zestoan kopia hori hartuko duen eraikina amaitzen ari dira. Guztia ondo badoa, eraikina urtearen amaierarako bukatua egongo da. Ondoren, irudiak eta haitzen kopiak, haitzuloko lurraren eta putzuen errepresentazioa eta abar paratuko dituzte bertan. Hiru bat hilabeteko denbora dago aurreikusia horretarako. Eta beraz, guztia prest egon beharko litzateke datorren urteko udarako. Lanak guztira 460 milioi pezeta kostako dira (18,4 milioi libera inguru).
EUSKAL MUSIKA VIC-EN
BIGARREN aldiz izango du aurten euskal musikak bere lekua Viceko Musika Azokan. «Euskadiko soinuak» egitasmoaren baitan hainbat euskal musikari eta musika enpresa bilduko da bertan hilaren 14tik 16ra. 24 metro karratuko erakustokian sei disketxe, musika jaialditako ordezkariak, zazpi management bulego eta aldizkari bat izango dira. Gainera, azokan zortzi euskal taldek kontzertuak eskainiko dituzte. Hain zuzen ere, Anari, Eguen Banda, Fermin Muguruza, Skalariak, Mikel Urdangarin, Iñaki Salvador, Pi-LT eta Tirri Tarra izango dira bertan. Berrikuntzen artean, euskal musika promozionatzeko bi CD kaleratu dira. Batean, euskal pop-rockeko ordezkarien doinuak bildu dira. Bestean, folk estiloko eta kantautoreen lanak bildu dira. Eskuliburu bat ere argitaratu da, non disketxeak, taldeak, jaialdiak eta komunikabideak biltzen diren.