Udak kontu eder asko ekartzen ditu, jasangaitz beste askorekin batera. Udan uretan ibiltzea, itsasoan edo ibaian, ume txiki baten antzera, plisti-plasta, jostakin, urak gorputz osoa igurtzen didala sentituz; batzuetan, olatuak daudenean, astintzen nauela; besteetan olatuen aparrean buruz behera botatzea; edo, bare-bare dagoenean, uretan barrena sartzea eta hondoan, sakonean geldirik egotea: horixe dut nik atseginik handienetakoa.
Horregatik udan, ezinbestekorik ez badago, egunero joaten naiz hondartzara. Bi aldiz gehienetan, eguerdian eta iluntzean. Goizeko eta atsaldeko lanak amaitzean, elastiko eta txankleta zaharrak jantzita, toalla hartuta, hantxe joaten da Ansorena putzura. Peru semea ere maiz biltzen zait ordu erdiko txangoan eta biok joaten gara askotan.
Joandakoan, oso eguraldi txarreko eguna zen eta olatu politak zeuden. Kantauri itsasoko olatu txiki indartsuak, mozkoteak. Ez zuten altura handirik baina txanpak burutzeko ezinhobeak ziren. Eta haurrari txanpak nola burututu behar diren adierazten hasi nintzaion. Teknika bat baino gehiago izango dira noski. Ni, baina, gure haur garaietan, modu naturalean ikasi genuena -olatuen indar hori ondo aprobetxatzen ertzeraino arrapalada zirraragarrian joateko modua teorizatzen eta xehetzen hasi nintzaion adibide praktikoak egiten genituen bitartean:
3 Ez dago olaturik probetxu ateratzeko aukerarik ematen ez duenik. Txanpak egiteko ez dute guztiek balio. Baina aparrean kolpez sartzeko eta jacuzzi supitoaz gozatzeko, edo magalean saltoz barneratuta goruntza jaurtikia izateko bai.
3 Olaturik handienak ez dira onenak. Batez ere, olatuaren indarraz ondo baliatzeko egin behar den saltoa behar bezala burutu nahi badugu, oinek hondoa sakatzea komeni delako.
3 Puntu egokian egin behar da saltoa. Olatua justu-justu lehertzeko zorian dagoenean, txanpariak, haren sabelean sartuta, salto egin behar du aurrerantz. Honek esan nahi du, besteak beste, olatu batzuk pasatzen utzi behar direla, alferrikakoa delako momentu desegokian hartzen saiatzea.
3 Salto egiten den momentuan, arnasketa sakon handia egin behar da eta, gorputza tente oso, era egokian jarri, luze eta burua besoen artean sartuta.
3 Ondo begiratu behar da momentu horretantxe aurretik oztoporik dagoen, istripurik sor ez dadin.
Hau guztia adierazten ari nintzaion gure Peruri. Konprenituko duzue noski nire seme-alaba guztiek zergatik dioten aho batez plastamari nagusia naizela. Ohi bezala, gazteriak arrazoi. Baina aitak ere berea beste kontu batean: txanpak horrela eginda, lastertasun handiz, ertzeraino iristen da, tripaz hondoa ukitzeraino.
Horretan ari ginela, gugandik gertu samar -apenas zegoen jenderik hondartzan eta uretan gutxiago- bi mutil koskor eta haien osaba gaztea antzeko lanean ari ziren. Hirurak neoprenozko jantzi akuatikoak eta txanpetarako bereziki saltzen diren ohola plastikozko garestiak eskuetan. Halako batean gaztea hurbildu zitzaigun -beste biak atzerago- eta apalki galdetu zigun:
-Barkatu. Ni ere hilobekin etorri naiz txanpak egiten irakasteko asmotan. Baina jabetu gara zuek, inongo materialik gabe, askozaz txanpa hobeak egiten dituzuela. Erakutsiko al diguzue teknika hori?
Harrotuta bete nuen harrez geroztik lagun dudan horren eskaera. Eta etxerako itzulian, zurrunbilo hotsa nabaritzen nuen eten gabe buruan. Alegoriak literatura merkearen seinale omen dira. Baina benetako bizitzarenak ere bai. Aizue, tresneriarik gabe txanpak egiten ikasteko ikastaldiak antolatzen hasi behar dugu