argia.eus
INPRIMATU
EZPALAK
2001eko irailaren 09a

ELEKTRONIKA ALDIA

DOINU elektronikoak entzungo dira hirugarren urtez Donostian urriaren 5etik 7ra bitartean. Izan ere Sirope Sound System kolektiboak berriz ere Elektronikaldia jaialdia antolatu du. Kursaalean eta Egiako Gazteszenan zuzeneko hamaika emanaldi izango dira. Denetik entzun ahal izango da: lehen egunean, jazz, house, trip-hop eta pop estiloak; bigarrenean egunez, estilo komertzial eta esperimentalak eta gauez, musika elektronikoarekin nahasitako afro musikak, eta jungel eta drum & bass doinuetako estiloak ; eta hilaren 7an, musika esperimentalagoa izango da. Aurtengo edizioko izarren artean, besteak beste, Jaki Liebezeit, Burnt Friedmann eta Revolutionary Dub Warriors taldeak daude. Kontzertuez gain, diskoak salduko dira Kursaalean eta leku berean ziberguneak, hitzaldiak eta filmen proiekzioak ere egingo dira.


ANTIGUAKO MUSIKA ZIKLOA

HEMEZORTZIGARREN aldiz hartu du Zumarragako Antiguako Ermitak Musikaldia Jaialdia aurten. Irailaren 1ean hasi eta datorren hilaren 29a arte, larunbatero, arratseko zazpi eta erditan kontzertuak eskainiko dira ermita honetan. Estilo anitzetako emanaldiak izango dira gainera. Lehenengo kontzertuan Varsoviako Boskote Berria entzun ondoren, 8an, Jazz Klasikoko Boskotea izango da ermitan; 15ean Tolosako Hodeiertz abesbatzak abestuko du; 22an, Ricardo Requejo pianista iruindarrak joko du; eta azkenik, 29an La Badinage, antzinako musika eta tresnetan espezializaturiko taldeak, Olatz Saitua sopranoarekin batera eskainiko du kontzertua.


HIRIAREN ARTEA

NAZIARTEKO 24 artistek hiria oinarri hartuz eginiko lanak paratu ditu Fernando Frances komisarioak Iruñeko Ziudadelako Armen aretoan. Berrogeitik gora lan daude ikusgai, eskultura eta argazkien artean. Kezka horren inguruan bildu dira Victoria Civera, Amador, Hannah Collins, Basilico, Bustamante, Thomas Ruffen, Daniel Chust Peters edo Jordi Colomer bezalako izenak. Hiru ildo nagusi jarraitzen dituzte aretoan bildutako artelanek: egile batzuek alderdi poetikoa landu dute, sentimenduen alderditik jorratu dituzte hiria, etxebizitza edo lantokia; beste batzuek dokumentu gisan baliatu dituzte euren lanak; eta azkenik, beste artistek eurek ikusi eta aztertu dutena, berrinterpretatu dute artelanetan. Erakusketa hilaren 23a arte dago ikusgai.


EUSKAL ANTZERKIA, TARREGAN

TARREGAKO Fira de Teatrora doa berriz euskal antzerkia. Guztira 113 ikuskizun eskainiko ditu jaialdiak, eta sei euskal taldeenak izango dira. Horietako lau Eusko Jaurlaritzaren babesean doaz, alegia Euskal Teatroa zigilupean. Hain zuzen, Hortzmuga, Trapu Zaharra, Taun Taun Teatroa eta Vaiven Producciones. Eta lan hauek eskainiko dituzte: Taun Taun Teatroak «KonT arTe», Vaiven Produccionesek «Lotsa gabe», Hortzmugak «Rekolore» eta Trapu Zaharrak «El cuarto tenor» eta Zanguangorekin «Pan con pan». Bestalde, euren kabuz joango dira jaialdira Ane Miren bihurrikaria eta Deabru Beltzak taldeak.