argia.eus
INPRIMATU
Antonio Altarriba
"Beldurra hutsean azaltzea oso lan zaila da"
Pilar Iparragirre 2001eko irailaren 09a
Pilar Albajarrek eta zeuk, batera egiten omen duzue lan
Hala egiten dugu, bai. Errealizadorea Pilar da, baina. Esan nahi dut, nik bion artean aurretik erabakitako gaien inguruko gidoiak egiten ditudala, eta Pilarrek gidoi horiek gauzatu egiten dituela. Argazki sailak landu ohi ditugu, gai bakoitzaren ikuspegi bitxiena, txundigarriena eta ironikoena azaltzen saiatuz. "Sexo, pecados y miedo" horietako bat da, nahiz bi zatitan bana daitekeen. Izan ere, sexua eta bekatuak sailean agertzen direnak aurretik argitaratutako argazki multzo baten zati dira. Beldurrari eskaintzen diogun atala, berriz, lehen aldiz kaleratzen da.

Sexuaz zer azpimarratu duzue?
Ohizko jarrera guztiak azaltzen ditugu. Liburu honetarako aukeratu ditugun argazkietan, besteak beste, ferekak, felazioa, 69a, orgasmoa, homosexualitatea, trabestismoa edota perbertsio sexualtzat jotzen den sadismoa bezalakoak ikus daitezke.

Eta bekatuei dagokienez?
Bada, Eliza Ama Sainduak guztiz debekaturik dauzkan gauzen zerrenda bat egin genuen, eta horien inguruan guk geuk dugun ikuspegia azaldu. Anbizioa, gorrotoa, hilketa, suizidioa eta abar.

Beldurra nola isla daiteke?
Beldurra hutsean azaltzea oso lan zaila da. Erraz argitara daiteke izuaren menpe dagoen pertsona, baina beldurra bera… Oinarrizko beldurrak azaltzen saiatu gara: egiari, bakardadeari, minari, heriotzari edo askatasunari diogun beldurra mundu guztiaren begibistan jartzen. Nahikoa sail gogorra atera zaigu, jakina, baina aldi berean zirraragarria ere badelakoan nago. Beldurraren irudia azaltzeko, lehen planoan agertzen diren aurpegiez soilik baliatu gara.