URRUÑAKO IKASTOLA HANDITZEN
1995ean sortutako Urruñako ikastolak, dirua biltzeko kanpaina bat egin ostean, eraikin propioa eskuratu zuen 1999rako. Eraikin hura bi eta sei urte arteko hogeita sei haurrekin estreinatu zuten. Orain bi gela berri paratu dituzte haurrek lehen mailako lehen bi urteak bertan egin ahal ditzaten. Halaber, «Harriz-Harri» hiru hilabetekaria kaleratu du ikastolak estreinakoz.
EUSKALTZALEEN BILTZARRAK EHUN URTE
Duela ehun urte sortu zen Euskaltzaleen Biltzarra Hendaian euskara bultzatzeko. Askotariko pertsonak bildu ziren 1901eko irailaren 17an: eliztarrak, errepublikarrak, abertzaleak... Besteak beste, Arturo Kanpion eta Georges Lacombe izan ziren elkarteko kide. Mixel Labegerie lehendakari zelarik, elkarteak literatura lehiaketak antolatu eta ikas zentro pedagogikoa sortu zituen. Azken urteetan hainbat liburu argitaratu ditu, Piarres Larzabalen antzerkiak esaterako. Etorkizunean nondik jo aztertzen ari da orain Euskaltzaleen Biltzarra.
EBLUL NAFARROAKO EUSKARA DEKRETUAZ
Hizkuntza Gutxituen Europako Bulegoak (EBLUL) Nafarroako Euskararen Dekretua jorratzen du bere aldizkariaren azken alean. Nafarroari buruzko datu orokor batzuk emateaz gain, 1986ko Euskararen Lege Dekretua du hizpide. Haren sorreratik egungo egoera gatazkatsua bitarte. Etorkizunari dagokionez, UPNk euskararen normalizazio gelditzeko asmoa duela dio, hiru alorretan bereziki: administrazioa, hezkuntza eta seinaleak. Dioenez, konponbide zentzuduna kontsentsu politiko eta sozial zabala lortzean datza, hiritarren nahiak errespetatuz eta instituzio publikoak inolako ezarpenik gabe haien zerbitzura jarriz.
«AZKOITTIKO EUSKERIE» KALEAN
Aizkibel bekari esker, Vanesa del Castillok, Bakarne Giraltek eta Jose Angel Romok «Azkoittiko euskerie» osatu dute. Hiztegi moduan antolatuta, Azkoitian erabiltzen diren hitzak biltzen ditu Azkoitiako Udalak argitaratutako lanean.