argia.eus
INPRIMATU
UZTAKATZERA
Jakoba Errekondo 2001eko irailaren 02a
Letxuak, tomateak, piperrak... auzokoak baino lehenago jaso asmoz udaberriaren hasiera-kanpaiekin bat baratzak dantzatu eta landatu zituztenen aieneak urte osoan entzun beharko digutu aurten azoka guztietan.

Azoka guztietan baratza, lorategia den neurrian, lehia dela badakite. Lehia zorrotza: zeinek lehenago, zeinek dotoreago, zeinek handiago... Ia denok ezagutzen ditugu piperminak inork baino azkarrago jaso nahi dituena, San Juanetan etxeko tomateak jan dituela ostatuan zabalduz aritzen dena, letxu-ilada zuzenenak bereak direla entzuteagatik eskuadra ere erabiliko lukeena, lainezaren mugan barazki arraroenaren berri ematen duena ileapaindegian...
Ileapaindegiko laudorioak jaso asmoz aritzen da asko. Tristea. Aparteko sasoietan, aparteko barietateak, eguneroko letxu zurietatik aparteko zerbait dastatu asmoz beste batzuk. Txapela kentzekoa.
Txapela kentzeko moduko uztarik ez da, ordea, aurtengo udan. Udaberriko poz-kanpai hormonal haien buelta alluba. Udazkenarena beste itxura batekoa izango dela dirudi. Gernikako azokatzarrean ikusiko gara urrian kuia erraldoiak eta indaba zakukadek tarterik uzten badute...
Uzten badute edo ez, azken hego haize gogaikagarriei ondo lo egin esan eta gau luze freskoei ongi etorria emateko han izango gara azoketako azokan