argia.eus
INPRIMATU
UMEEN NAHIGABEA
Jabier Agirre 2001eko irailaren 02a
Bideokonsola eta antzeko tramankuluak bakardade eta asperraldiari aurre egiteko irteera omen dira, umeek beren lagunekin edo senideekin jolasteko modurik ez dutenean aukeratzen dituztenak, nahiago baitute, ahal izanez gero, adiskideekin jolasean aritzea. Horixe da behintzat teknologia berriek haurtzaroan eta gaztaroan eduki dezaketen eragina aztertzeko Euskal Herriko Unibertsitateko hainbat irakaslek, hamaika unibertsitate europarretako adituekin batera, egindako ikerketak eskaintzen duen ondorio nagusietako bat.

Karmelo Garitaonaindia, kazetaritzako katedradunak, eta Patxi Juaristi eta Jose Antonio Oleaga soziologoek osatzen dute azterketa horretan parte hartu duen EHUko ikertzaile-taldea. Ikerketa Londresen abiatu zen, duela bost bat urte, eta bere emaitzak biltzen dituen liburu mardulean, herrialde bakoitzari alor edo gai bat aztertzea egokitu zaio. Euskal ikertzaileek Telebista eta bideojokoen alorra jorratu zuten, bertan gazteen lehentasunak eta nahiak argitu eta finkatu asmoz.
Garitaonaindia irakasleak adierazi bezala, beren bizitzan ekipamendu teknologikoen presentzia oso handia den arren, eta gazteek tramankulu horienganako joera eta zaletasuna edonon erakusten duten arren, umeek eta gazteek nahiago dituzte oraindik lagunak eta senideak makinak baino, jolaserako. Beraz, ez gaitezen alarmismoan erori, arrazoirik gabe, ez baitirudi oraindik ere "Apokalipsia" hain gertu daukagunik