argia.eus
INPRIMATU
PRINTZA
2021eko uztailaren 19a
Joxemari Iturralderen aburuz hauxe da euskal literaturaren egoera, «Euskonews & Media»n zioenez:
«Egia da azken urte hauetan euskal literaturgintza asko aldatu dela. Izugarri eta, gehienetan, hoberako izan da. (...) Orain badirudi ordea (...) sapaia jo dugula, eta hemendik aurrera egoera hau bere horretan mantentzearekin nahiko lan izango dugula. Hori ez bagara gainbehera hasten. (...)

Azkenaldi honetan askotan entzuten ari gara halako herri txikia izateko liburu asko eta asko ari dela argitaratzen eta ea ez ote den gehiegi. Niretzat hori ez da arazoa; izan ere, garai batean, gu idazten hasi ginenean guztiz kontrakoagatik kexatzen baikinen, hots, ezer gutxi kaleratzen zelako euskaraz. Hemen arazoa, (...), irakurle gutxi izatearena da. (...) Bada proba txiki bat nik beti egiten dudana (...). Ia egunkari eta aldizkari guztietan ateratzen dira astero edo hilabetero pertsona ezagunei egindako halako test edo inkestak (...). Har itzazue horrelako bat eta errepara egiozue erantzunari honen antzeko galdera bat dagoenean: «Zer liburu ari zara orain irakurtzen?» edota «Liburu bat?» Erantzuna ia beti antzekoa izan ohi da eta ia beti gaztelerazko liburu baten izena emango dute -normalean best-seller horietako bat, ia inoiz ere ez euskerazko liburu baten titulua (badira batzuk eskolan irakasleak duela urte dexente derrigortuta irakurri behar izandakoa aipatzen dutena, tituluaz gogoratzen badira)».