argia.eus
INPRIMATU
«Internazionalismo» berria
Joxe Iriarte, Bikila 2001eko irailaren 02a
Kapitalismoa, produkzio-bide eta banakuntza-bideen jabego pribatuan oinarrituriko sistema ekonomiko eta soziala da, batzuentzat, oso onuragarria dena, gehienentzat, ordea, ankerra eta bortitza. Duela bostehun urte, gutxi-gorabehera, sorturiko sistema hori etengabe joan da aldatzen eta mundu osora zabaltzen, eta bidenabar mundu osoa eraldatzen (giza taldeen bizimoduak, klase sozialen ohiturak, produkzio bideak, eta batez ere ekosistema osoa).

Inork ez dezala pentsa, ordea, hori dena era naturalean, «merkatuaren esku ikusezinaren» bidez eman dela soilik. «Kapitalismoa bere larruetako poroetatik odola, izerdia eta malkoak dariola garatu eta gorpuztu da», zioen Marxek. Arrazoia zuen. Kapitalismoa, militarismoa eta inperialismoa, hiruek bat egiten baitute oso aspalditik.
Jakina, horrek denak, kontrako grebak, matxinadak eta gerra zibilak, sortu zituen. Eta borroka horietan sorturiko erakunde arduratsuenak berehala jabetu ziren, «etsaia» bezala beraiek ere internazional alorrean ari beharko zutela. Mundu guztiko herri eta langileak elkar gaitezen! Lelo hori loturik sortu ziren, Lehenengo, Bigarrengo, Hirugarrengo eta Laugarrengo internazionalak, eta haien ondorengo koordinaketak, foroak eta abar.

EGUN, azken hogei urtetan kapitalismoa «Globalizatu» egin da, halaber, egokitu egin ditu estatu nagusien (G8) eta horretarako propio sorturiko instituzioen (BM, FMI...) zereginak. Olagarro asegaitz horrek, beretzako eta inongo oztoporik gabe nahi du mundu osoa. Horri merkatu librea deitzen dio. Eta ondorioak izugarriak izaten ari dira, bai herri industrializatuetan, zein oihan sakonetan hala estepa gorrienetan.

Zoritxarrez, denbora guzti horretan, kapitalismoa etsaitzat duten mugimendu gehienek (sozialak, sindikatuek, ezkerreko indarrak, mugimendu anti-inperialistek, eta abar) porru bat eginik egon dira, horren isla izanik azken hamabost urtetan ezagutu dugun internazionalismoaren beherakada. Izan ere, justu, kapitalismoa eta bere kudeatzaileak, internazionalki inoiz baino indartsuak eta aktiboagoak izan direnean, ezkerrekook inoiz baino motelago, isolatuago (nor bere zilborrari begira) ibili gara.
Alabaina, egoera hasi da aldatzen. «Fenix hegaztiaren» antzo, internazionalismoa bere errautsetik berpizten ari da. Asmoz zein xedez, badu zer ikustekorik garai zaharrekoekin, baina, aldi berean, oso desberdina da. Internazionalismo zaharraren gorputza ondo antolaturiko eta zentralizaturiko erakunde «Internazionalak» ziren, eta proiektu orokorren eta definituen alde (sozialismoa, komunismoa, anarkismoa) borrokatzen zuten, eta sustrai nazionaleko langile mugimenduek ziren bere oinarri sendoenak.
Oraingo mugimendua, berriz, «eltxo hodeien» modura antolatu da, partaideek motxila bizkarrean, bazter guztietatik datoz eta edozein tokira joateko prest dira (Seattle, Praga, Gotemburg, Genoa...). Helburu estrategiko zehatzetan baino, errebeldia moraletik ateratzen dute bere kemena. Gai konkretuen inguruan mugitzen dira (herrialde txiroen kanpo zorra kitatzea, Tobin tasaren aplikazioa, herriekiko solidaritatean...). Talde eta pertsona asko sare moduan antolatzen dira, baina ez dute gune edo zentro finkorik ezta antolakuntza komunik, eta interneten bidez konektatzen dira.

ZENBAT buru hainbat aburu: ideologikoki oso pluralak dira, eta, moldeen edo borroka moduen arazoa, oso gai eztabaidatsua dute bere artean. Oso kritikoak dira sistemarekiko eta baita ezker klasikoekiko, politika oso era desberdinean ulertzen dute, eta desobedientzia zibila aldarrikatzen dute usu. Etsaiaren gailurren aurrean elkartzen diren foroetan, aniztasuna handiago egiten da, zenbait sindikatu eta mugimendu klasikoagoak elkartzen baitzaie, eta orduan zailtasun handiagoak izaten dituzte adostasunera heltzeko. Alta, lortzen dute, eta horrek badu bere meritua.
Zer emango du honek denak? Batek daki. Hasieran besterik ez gaude, baina gorantz joango dela uste dut. Eta langile mugimenduen zein ezker iraultzaile berriztatuaren ekarpenek indartu egingo dute mugimendua. Ikusteko dago ere, mundu guztiko «lurraren kolorekoek», eta lurraren okupazioetan ari diren nekazariek ere, bat egingo dutela globalizazio kapitalistaren aurkako borroka horretan.
Gogorrena etortzeko dago, estatuen errepresioa (Hirugarren Munduan bezala hasi dira Europan borrokalariak akabatzen) zorrozten denean, eta komunikabideek haien laguntzan pozoia sartzen hasten direnean. Datorrena datorrela, aspaldiko partez, belaunaldi berri baten eskutik internazionalismoa berpizten ari da, beste mundu bat posible dela aldarrikatuz