argia.eus
INPRIMATU
Arturoren kaiera
2021eko uztailaren 19a

DIRUA BILTZEKO KANPAINA

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak «Azken pezeta/libera eta lehenengo euroa euskararen alde» ekimena abiatuko du. Helburua jendeak urtarrilaren 1etik aurrera azken pezeta eta liberak eta lehen euroak euskararen aldeko proiektuei ematea da eta Kontseiluak bere proiektuetarako finantziaketa lortzea.Abendu eta otsaila artean egingo den ekimenari buruz baikor agertu da Kontseilua: «Euskararen aldeko jarrera zabal eta anitza erakusteko aukera ona izango da».


ADMINISTRAZIOKO HIZTEGIA KALEAN

Arabako Foru Aldundiak «Administrazioko Hiztegia» izeneko liburua argitaratu du. Andoni Etxebarria itzultzailea arduratu da liburua osatzeaz. Bertan administrazioarekin loturiko 47.000 hitz eta esamolde biltzen dira. Etxebarriak liburua burutzeko erabilitako iturrien artean «Agintaritza Aldizkarietako Hitz-Bilduma» eta «Euskaldunon Egunkaria»ren «Estilo liburua» daude.


ZIBURUKO KOLEGIOA UZTEKO AGINDUA

Pirinio Atlantikoetako Ogasun Zuzendaritzak Ziburuko Piarres Larzabal ikastetxea abuztuaren 31 aurretik husteko agindua ematen zuen gutuna bidali zuen kolegiora uztailean. Apirilean kolegioak ikastetxearen alokairua luzatuko zuela esan zion frantziar administrazioari, ordea. Horren aurrean, kolegioak eraikuntzan jarraitzeko asmoa agertu du aldizkaria ixterakoan (abuztuak 31 aurretik) eta Hezkuntza Ministerioak proposatutako integrazio proiektua zuzentzeko presiobidetzat jo du.



EKOMUSEOA EUSKARAZ BISITA DAITEKE

Abuztutik Donibane-Lohizunen dagoen Ekomuseoak euskarazko zerbitzua eskaintzen du. Izan ere, Euskal Herriko ohituren museoko azalpenak euskaraz ere ematen hasi dira. Museo honetan hilabetero erakusketa ezberdinak izaten dira. Abuztuan eztiari buruzko erakusketa izan da eta irailean herri kirolena zabalduko da.