Betidanik esan izan da medikuek gomendio edo aholku ugari ematen dizkietela beren gaixo eta pazienteei, baina beraiek esandakotik eta predikatutakotik ezer gutxi betetzen dutela. Oraingoan oso bestelako emaitzak eskaintzen dizkigu, ordea, SEPAR izeneko elkarteak aurkeztu berri duen barne-inkestak.
Pneumologia eta Bularraldeko Kirurgiaren Espainiako Elkarteak (SEPAR horixe da-eta) La Coruñan ospatu berri du bere XXXIV. Kongresua, eta bertan aurkeztu denez, Espainian arnas gaixotasunetan espezialista diren medikuetatik, ehuneko hamarrek bakarrik jotzen du bere burua erretzailetzat, (2.500 elkartekidetik 250 besterik ez), duela hamabost urte portzentaje hori % 35ekoa zen bitartean.
Itxuraz, espezialistak kontziente dira beren pazienteei transmititu beharreko mezu nagusietako bat tabakoa uztea dela, eta horrexegatik "predikatzeaz gain, beraiek ere bete egiten dituzte besteei agindutakoak". Eta SEPAReko presidentea den Victor Sobradillo doktoreak itxaropentsu ikusten du hemendik urte batzuetara egoera, "kontuan hartuz medikuak gainerako hiritarrentzat dugun eredu-irudia eta jokatzen dugun erreferentzia izate horri begiratuz".
Hainbat faktore dago Sobradilloren ustetan erretzaileak ziren pneumologo eta kirurgialari torazikoen kopuruan emandako beherakada hori esplikatzeko: tabakoaren kalteaz kontzientziatzea batetik, eta besteei agindutakoa norberak ere betetzea, bestetik