Badirudi ez dela oraingoa euskaldunoi inon diren gaitzizen mingarrienekin"oparitzeko" moda hori. Okerrena, ordea, baliteke ez izatea kanpotik datorkigun erasoa bera, "barrukook" horren plagiatzaile bilakatzea baizik… Hara Gurutz Ansolak 1971ko uztailaren 25eko Z. ARGIAn jasotzen zuen galdera: "Euskaltzaletasuna ez al da, gero, integrismo bihurtu?". Gaderatxoa euskaldun batek egina zion, "emakume prestu batek" zehatzago esateko, eta Gurutz Ansola nahikoa kezkaturik utzi zuen, jakina.
ERANTZUN EGOKIAREN BILA
"Bat-batean eman nioen erantzuna ez dakit zeharo egokia izan zenentz. Holako arazo larri batek patxada eta astia eskatzen du, ahal den alde eta sahiets gehienetatik, arloari atxekitu eta eztabaidatzeko. Egokiera hori ez genduen, orduan, izan, eta gaiak dadukan garrantziagatik, heldu diot".
Behin erabakia hartuta, zailena egina zegoela zirudien. "Gaur ez da iñor `euskaltzaletasun integrista' bat ba dela ukatzen duenik", aitortzen zion "emakume prestuari", ondorengo zehaztasunarekin: "Kontzientzia makur hori, `euskaltzaletasuna ez ahal da atzerakoikeria billakatu', galdetzen edo jaurtikitzen duen sendimendu larri hori, ez dela dirudi gertakizun edo fenomeno zaharra. Esango nuke, 1960-ko udaberritik honuntz gorpuztera heldu den gertakizun soziologikoa dela, nahiz azken lau ezpa bost urtetan eman beren frutuak, duela hamarren bat urte erein eta aldatu ziren hazi eta landareek".
Eta nor ote landatzailea? Bada, "sozial-inperialismoa", antza denez! "Sozial-inperialismoak erdietsi du zalantzarik gabe ezarri zuen xedea: euskal kultura barrutian nabarmen zeuden kontradiziorik bizienak jorratu eta sakabanaketa, nahaspilla, kinka eta gogogaltzea sortu euskal kultura barrutiko lankideen artean", baieztatzen zuen Gurutz Ansolak behintzat.
OKERRENAK, ERIAZ ERAKUSTEN
Ezin okerrago dabilena izan ohi da sarritan kritikatzailerik handiena, eta kasu honetan ere bai, dirudienez: "Baiña iñor baldin bada munduan euskal kulturaren kontradizioak garaitu ez ditzakeena eta euskal kulturaren gidaritza bere eskuetan har ez dezakeena, 'iñor' hori sozial-inperialismoa da".
Behin arerio zital horrena garbi utzita, euskalzaletasunaren panorama azaltzeari ekiten zion gizonak. Horrela ei zegoen banatua: "Integrismoan edo tradiziozkoan, alde batetik, eta aurrelarian edo kultura eta gizarte osoa batzen eta elkartzen dituen olde berrian, beste aldetik. Euskaltzaletasun aurrelaria non dago, bada? Langilleengan eta langilleriaren alde dagoen gogoetalariagan. Integrismo jokaerak, aldiz, duela berrogei urteko gizarte tradiziozkoari atxekiturik dauden euskaltzale zintzoetan nabarmendu dira. Ez haiengan, ez hauengan ez dago Kontzientzia makurrik, ez gogo-galdurik. Baiña bereiztasun sakona ba dago bi motariko euskaltzale hauen artean».
Zena zela, horren arrazoiak bilatu behar ziren. «Euskal integrismoaren gaur eguneko naturaleza ez dago konprenitzerik, haren aurrez aurre eta kontra, beste integrismo deseuskaldun bat parekatzen ez bada. Integrismo desuskaldun hau, gure kulturaren bi hauzitan, larru gorri agertu da, hots, hizkuntzaren eta erlijioaren gauregungo liskarretan. Nork uka dezake, bai hizkuntzan eta bai erlijioan hauzi eta hautsi sakonak dituela euskal kulturak? Sozial-inperialismoak, ordea, dogmakeriaren eta desdemokraziaren kotsuz kotsatu nahi izan ditu arazo bi larri horiek. Etzeukan, ez, horretarako bide egokiagorik, elkarrizketarako zubiak hautsi, eta, ideologia dogmatiko eta jokaera ez demokrata baten bitartez, euskal kulturako kontradizio horiek antagonista bihurtzen saiatzea baiño». Eta «hemen datza gure `integrista' direlakoen errua, hots, sozial-inperialismoari, harek aukeratu duen plazan eta borrokan oldartzea».
Itxura guztien arabera, ahaztu zitzaien zitalkeriak beti galbidera eramaten duela... Zorionez, ez denei: «Putzu horretan ez dira erori, ez, langille euskaltzaleak eta langilleriaren aldeko gogoetalariak. Garbi ikusi bait dute hauek, arerio horri, euskaldungoaren sail eta arlo orotan, egin behar zaiola borroka. Izan ere,inperialismo horren gatazka maltzurra hontara bait dago zuzendua, hots, euskaldungoaren eta euskal kulturaren desegitera, suntsitzera».
Gauzak horrela, defentsa prestatu beharra zegoen. Nola, ordea? Garbi zeukan Gurutz Ansolak: «Beraz, `atzerakoitasunaren kontzientzia' makurrak ausikitzen zaituen andre jator hori! Esan nizunez, berriro esan, euskaltzaletasunaren aurrerakoitasunak ukatzen du eta garaitzen, beldurtzen zaituen integrismo hori. Langille euskaldunen enborrean errotu behar dugu, zuk eta nik, gure herritasunaren nahi, gogo, bizitza. Gehiago esango dizut, ez dago beste biderik gure integrismoa garaitzeko, `integrismo deseuskalduna' borrokatzea baizik. Borroka hau, ordea, ez da sozial-inperialismoak muntatu nahi duen plazan emango, ez herrikideen artekoa izango. Ekintza eta lehiaketa hori, euskal kulturaren alor zabalean eta osoan mugituko da, eta oiñarri hauek izango ditu beti: euskaltzaleen elkartasuna, euskal kulturaren mugimendua herrikoi, gizartekoi eta demokratiko billakatzera hel dadin, lankidegoaren bidetan"