Boise ondoan dagoen Nampan jaio zen Jim Jausoro Mallea 1920an. iazko abenduan 80 urte bete zituen eta horietatik 70 musika jotzen aritu da, 9 urterekin hasi zelako soinua ikasten. Nampara joaten zen irakasle frantziarrarekin ikasi zituen lehen notak eta gero bakarrik. Gurasoek, biak euskaldunak, zuten ostatuan hasi zen jendaurrean jotzen Jim, Spanish hotelean. «Belarriz ikasitako euskal musikaz alaitzen nuen ostatua».
Gero, 1957an, bere izena duen banda batekin hasi zen jotzen: Txomin Ansotegi bateria eta pandereta, Johnny Arregi saxofoia, Dick Lenhart tronpeta eta Jausoro bera akordeoiarekin. Idaho osoan eta inguruko beste estatuetan (Ontario, Oregon, Nevada...) ibiltzen zen laukotea, neguko asteburuetan batez ere. Euskaldunen jai eta ezkontzetan ez dira falta izan azken hamarkadetan. Asteburuetako lanbidea musika izan badu 40 urtetan zehar, astean zehar ferrokarrilean aritzen zen lanean. Arregi eta Ansotegi hil ziren eta orain saxofoijole amerikar bat eta Mendaroko mutil bat, Juan Zulaika, ditu taldean. Batez ere euskal musika jotzen dute, baina musika amerikarra ahaztu gabe, hori ere ondo menderatzen dute.
Euskal Herriko zati bat ozeanoz bestalde.
Dantzari txikiak laguntzen 1946tik ari da Boisen eta Caldwellen. Boisen Oinkari dantza taldea sortu zen duela 40 urte. Akordeoia eta trikitixa jotzen du bertan hasieratik Jimyk, nesken dantzak batez ere, mutilenak txistuz egiten dituztelako: Zortziko, Naparrako, nesken arkua, neska-mutilen arkua... Gehienak Bizkaia eta Gipuzkoako dantzak, baina Iparraldekoak ere bai.
Duela 33 urte Jausororen taldeak doinu ugari jaso zituen 45 reboluziotako disko txiki batean. Orain gutxi berritu dute disko hau. Jota alaiak, porrusalda, vals, dantza ikasteko doinu motelak... entzun daitezke bertan. Grabaketa berrian beste euskal musika taldeek ere parte hartu dute: Mary Lou Murelaga Guerricabeitia, Ordago taldea, Ray Mancisidor, Biotzetik abesbatza, Patty Miller&Chris Bieter...
Jausorok Idahoko Gobernuaren saria jaso zuen joan den irailean, hain zuzen ere bere bizitzan zehar euskal musikaren alde eginiko lanagatik. Baina ez da bizitzan zehar jaso duen aipamen bakarra: 1994an beste bat eman zioten, 1988an Basque Studies Program-ek saritu zuen eta 1983an Boiseko alkateak hiriaren izenean.
Jausororen akordeoietako bat Euskal Museoan ikus daiteke; baina hala ere, euskal musika Idahon ez dela galduko dio musikari zaharrak. Bera irakasten aritu izan da eta jotzen jarraitzen du, nahiz eta zutik egonda nekatu. Ia ezinezkoa iruditzen zaie Idaho eta inguruetako euskaldunei Jim Jausororen musikarik gabeko jai bat ospatzea. Euskaldunak amerikarrekin ezkondutakoan nortasun apur bat galdu arren, kultur ekitaldi hauei esker Euskal Herriko zati bat izaten jarraituko dute ozeanoz bestaldeko lagun hauek