Europan kezka handia sortu da ekonomia etengabe moteltzen ari delako; horren arrazoia bilatzerakoan kontuan hartu behar genuke munduko ekonomiaren eragile eta bultzatzaile indartsuenak diren Alemania, Japonia eta Ameriketako ekonomiak ere krisialdian daudela. Hirurogeiko hamarkadaz geroztik, eta neurri handi batean lehenengo petrolio-krisiaren eraginez, ez da horrelako egoerarik izan. Baina oraingo krisialdi hau ez da, 1998. urtekoa bezala, garabidean dauden herrialdeetan sortua (Asiako Hego-ekialdea, Errusia edo Hego Amerika) baizik eta herrialde garatuetan (Alemania, Japonia eta Estatu Batuak), eta azken horietatik aurrekoetara igaro da. Adituek diotenez, aurtengo lehen seihilekoan geldialdiak ekonomiaren moteltzea ekarri du eta aurreikuspenen arabera Japoniak bakarrik izango du atzeraldi nabari bat; nolanahi ere, esan liteke munduan beste asko ere bide beretik joan litezkela.
Azken 25 urtetan munduko hiru ekonomi eragile nagusiek -Alemania, Estatu Batuak eta Japonia- atzerakada nabarmena duten lehen aldia da. Hainbat erakundek egin dituzten aurreikuspenen arabera, 20 urtez jarraian %2,9ko hazkundea izan ondoren, aurten munduan ez da %2tik gorako hazkunderik lortuko. Munduko Merkataritza Erakundeak (OMC) aurreikusi duenez, aurten merkataritzako trukeek %3tik %5era bitarteko hazkundea baizik ez dute izango; 2000. urtean, aldiz, %13koa izan zuten.
Europari begira jarriz gero, Alemaniako ekonomiaren egoera oso kezkagarria da. Alemaniako Ekonomi Ikerketarako Institutuko Katja Rietzler ekonomialariak duela gutxi Berlinen adierazi duenez, "oraingo egoerak irauten badu, Alemaniako ekonomiaren moteltzeak oso ondorio larriak izan ditzake Europa osoan". Eta ez dugu ahaztu behar Alemaniako ekonomiak euroguneko BPGaren heren bat inguru hartzen duela