argia.eus
INPRIMATU
HIZKUNTZ KONTSEILUA EUSKARAREN HAUSPOA OTE?
Mikel Asurmendi @masurmendi 2021eko uztailaren 19a
Hizkuntz Kontseiluaren genesia ezagutzeko 1992. urtera jo behar dugu. Urte hartan sortu baitzen Euskal Herria 2010 Lurralde Eskema Iparraldean. 1994an, eskema honen arian, Garapen Kontseiluaren eta Hautetsien Kontseiluaren elkar lanaren bitartez Ipar Euskal Herriko Antolaketa eta Garapen Eskema finkatzen eta garatzen hasi zen. Lurralde Eskema bezala ezaguna den plangintza honetan zazpi atal lantzen ari dira egun: formakuntza, ingurunea, ekonomia, azpiegitura, hirigintza, kultura eta hizkuntza atalak. Hizkuntza atalaren antolamendua izan da tirabiratsuena orainokoan. Atalik atal, hizkuntza atala funtsezkoenetariko bat baita Ipar Euskal Herrian euskara biziko bada.

KONTSEILUA eratu da. Hizkuntza atala garatu ahal izateko Hizkuntz Kontseilu baten beharra aldarrikatu izan dute euskaltzaleek. Gutxienezko berme batez arituko den Hizkuntz Kontseilua eratu bitartean Estatuko botereen eta euskaltzaleen arteko gorabehera franko izan dira. Administrazioaren eta herri elkarteen arteko adostasuna ez da berehalakoan gauzatu, hots. Kontseiluaren antolamenduaren erdian EKEko (Euskal Kultur Erakundea) Erramun Baxok presidentea izan da. Erramun Baxok bera dugu Kontseilu berriaren presidentea.
Hizkuntz Kontseiluaren sorrera blokeatua izan da hainbat urtez. Joan den apirilean burutu zen EKEren biltzar nagusian Pirinio Atlantikoetako Andre Viau prefetak desblokeatu zuen afera. Prefetak uztailaren erdialderako Kontseilua gauzatua izan behar zela agindu zuen. Harrezkero, EKEren esku utzi zuen Kontseilu honen gauzapena eta Erramun Baxok presidentea askeago aritu izan da eginbide honetan. Kontseilu honen antolamendua burutu bitartean Estatuak kudeatzen duen Hizkuntz Hitzarmenean «erdiespen berriak» izan dira.
eke-rEN PROPOSAMENA. Erramun Baxok-ek hiru partaidetzaren arteko Kontseilu baten proposamena ahalbidetu izan du: erakunde publikoak, euskalgintzako sektoreak eta elkarte federatuak akomeatu eta bildu ditu kontseiluan. Presidenteak «euskalduntze plangintza» eta «lurralde garapena» lotu beharra adierazi du bere eginbidean. Hots, Kontseilu hau eraginkorra izanen bada, administrazioak demografia eta ekonomiaren garapena ziurtatu beharko du.

Uztail honen 3an Baionako Merkataritza Ganberan buruturiko biltzar berezian eratu zen azkenik Hizkuntz Kontseilua. Estatuaren izenean Jean Michel Drevet suprefeta, kulturako eta euskalgintzako ordezkariak bertan zeudelarik izendatu zen hizkuntza atalaz arduratuko den Administrazio Kontseilua. Euskalgintzako hainbat sektorek ez dute begi onez ikusi Paueko prefeta eta Akitania eskualdeko agintariak biltzar honetan egon ez izana. Agintariek hainbeste laudatzen duten Garapen Eskema gauzatzeko funtsezkoa den Hizkuntz Kontseiluaren sorrera ekitaldian instituzioetako buruak ez izateak agintariek hizkuntz atalari garrantzia gutxi ematen diotela agertu bide du.



BERROGEI MILIOI LIBERA.

Hizkuntz Kontseiluak hiru xede nagusirekin abiatu du bere ibilbidea. Lehena, Hitzarmen Berezian hitzarturiko ekimenak kudeatzea da. Euskaraz diharduten elkarte, erakunde eta ikastetxeen egitasmoak aitzina eramaten lagundu beharko du Kontseilu berri honek. Kontseiluak 40 milioi liberako (1.000 milioi pezeta) aurrekontua erabiliko du horretarako. Datozen sei urteetarako Estatuarekin sinaturiko Obragintza Publikoaren eskutik heldu da dirua. Bigarrenik, Hautetsien Kontseiluak 1997an aurreikusi zituen sei ildo landu beharko ditu Kontseiluak. Ildo hauek hizkuntz antolaketaren karietara hitzarturiko hitzarmenetik at gelditu dira orain arte. Kontseiluaren hirugarren xedea, agintari publikoekin harremanak ontzea, euskarak behar dituen egitasmo berriak lantzea eta berauek Obragintza Publikoari aurkeztea da.
Hizkuntz Kontseiluak Garapen Kontseiluaren araudia hartu du oinarritzat. Garapen Kontseiluak gaineratiko erakundeekin duen harreman mota bera izanen du Hizkuntza Kontseiluak; Obragintza Publikoarekin, konparazione. Ibilbidean izaniko gorabeherak ahantzi gabe, oro har, bertako administrazioa nahiz euskalgintzako ordezkariak kontent agertu dira. Hizkuntz gutxituak oraindik ofizialak ez diren Frantziako Estatu demokratikoan, bederen, euskaldunak aitzindari izan dira euskararen Hizkuntz Kontseilua sortzen. Hizkuntz Kontseilua euskarak behar duen hauspoa izanen ote?