argia.eus
INPRIMATU
BI AHIZPAK
Elixabete Garmendia 2021eko uztailaren 20a
Honez gero lorategiak berrituta daude eta hiri osoa ari da ajetik esnatzen. Hustuegi ere egongo da, Gaztelu plazako terrazetan esertzeko zalapartarik gabe. Apur bat melankoliak jota, iraila uztailaren erdialdera iristen bait zaio Iruñeari. Eskerrak auzokook hondartzak dauzkagun eskaintzeko, Erreala-Osasuna dela eta berpiztu diren txisteetako hondartzak, Orozek eta Olariagak topikotik haratago eramaten dakizkitenak.

Lan kontuengatik hurbil hurbiletik segi nuen txupinazoa. Gero distantziara bizi izan ditut sanferminak, azken urteotan ia beti bezala. Distantziara baina bizi. Beste askorentzako legez, neretzat urteko iratzargailurik eraginkorrena entzierroa da. Hor bai jaikitzen naizela alferkeriarik gabe, zortziak laurden gutxitan ez bada beranduenik lehen etxafuegoa botatzeko hiru minutu falta direnean. Adrenalina injekzio paregabea da eguna korrika saioa telebistatik jarraituz hastea: Santo Domingoko aldapa, Udaletxe plaza, Mercaderes, zezenek beti irrist egiten duten kurba, Estafeta, Telefónica... Urtea joan urtea etorri, uztaileko zortzi goiz erritual berbera errepikatuz, azkenean ohartu naiz Iruñean egindako mila ibiliren oroitzapena arragotzen zaidala karrera horretan, heriotza hurbil eta bapatean sentitzen denean ikusten omen den pelikularen antzera.

Baina Iruñean ez da beti sanfermin izaten. Duela gutxi entzun nion neu bezala baina berrikitan han ikasten ibilitako giputz bati: hiri eskizofrenikoa. Maitasunez, inolako mespretxu izpirik gabe zioen hori. Kalifikatiboa gogorra da hala ere, baina bere xinpletasunean neurrikoa delakoan nago. Hasteko, eskizofrenia ziklotimiko hori dago, euforiaren gailurra sanferminetan harrapatzen duena eta depresioaren hondoa negu gorriko zierzopean. Eskizofrenia, ordea, festetan bertan ere nabaria da, nola esplikatu bestela hiri berberean horretarako dauden profesionalek, mediku eta farmazilariek, biharamoneko pilula ez banatzea eta emakumeen zerbitzu batek, «Andrea»k, hori egiteko adorea izatea, agintarien debekuaren gainetik. Hauena bai dela egin ez eta egiten utzi ez. Onenean, ez dute hautsi nahi sanferminetako leienda pikaroak dioena, alegia, «fermintxo» ugari jaiotzen dela hirian apiril aldera.
Iruñea ofiziala irudikatzerik balego, burua mantelinaz estalita duen emakumea izan zitekeen. Zintzo ustekoa, zuzena parametro antigualekoen arabera, ohituren beterazlea, apur bat ozpindua eta demodéea guztiz. Bai, badakit autobidearen beste muturrean bestelako ahizpa bizi duela eta ez haatik hobea: kaskarina, noranahi doala perfumezko haloan bilduta, ezpainak pinturaz lardaskatuta, zimurrik gabeko iragana ispiluan. Bi ahizpak ez dira bereziki ondo moldatzen, bizitza osoa elkarrentzako erreprotxeak pilatzen pasa izan balute bezala. Batak itsasoari begiratzen badio, besteak galsoroak ditu itsaso. Bata ohitua dago ezarian ezarian kanpotarrak hartzen eta besteari berriz gogaikarri gertatzen zaio urtean behingo uholdea. Hala ere, onartu beharra dago, abegitsuagoa da auzotik datozenekin mantelinaduna; bere bokazioa sukalde zabal bat gobernatzea baita, «gobernatu» zentzurik beteenean. Kaskarinak berriz, nahikoa du etxeko gonbidatutzat Pernando Amezketarraren «pitxita» txakurraren birbiloba.

Sanferminez sanfermin, udaz uda, patroi berberak errepikatzen ditugu hiri batean eta bestean. Aste Nagusiak, bihotz bihotzetik bizi izan arren, nekezagoa dauka inor emozionatzea. Sanferminek berriz, distantziara ere eragiten dute eztarrian korapiloa. Hortxe koxka. Hori bai, ohituren zaintzaileek badute zer zuzendu. Sekulan ikusi dudan espektakulorik esperpentikoena hauxe: hilaren 6ko eguerdian turista artaldeak Udaletxe plazara bidean esku batean txanpain botila eta bestean plastikozko poltsatxoa zutela, barruan irina eta arrautza parea. Ahizpa kaskarinak, estetika hutsez bederen, ez luke onartuko tour-operatorek Sanferminak kotiloi uniformatu bihurtzea