Gasteizen jaiotako zinegile gazte honen ibilbidea luzea izan da oso. Irudi eta teknologi berrien zentrua utzi bezain laster, muntatzaile gisa aritu zen TVE-n. Bere lehen hiru laburrak SUPER-8 formatuan filmatu zituen. "Akixo" (16mm) eta "El reino de Victor" (35mm) laburretan parte hartutakoa, Goya eta Zinebiko sari nagusiak bereganatu zituen. Bere anaia Juanmarekin ekoiztetxea jarri zuen martxan eta bertatik sortuko dira "Alas de Mariposa" eta "La madre muerta" film aski ezagunen gidoiak. Ekoizle, zuzendari, gidoilari... Eduardo Bajo Ulloaren curriculum-a, bikaina bezain luzea da eta Euskal Herriko gidoilarien egoeraz hitz egin asmoz berari egin diogu elkarrizketa.
Euskal Telebistarentzako lanik egin ez duen euskal gidoilari bakarrenetarikoa zara. Posible da hori horrela gertatu eta gainera arrakasta lortzea? Zaila izan da zuk hartutako bidea aukeratzea?
ETBrekin edo ez, beti da zaila mundu honetan murgiltzea. Gainera, ez dut inoiz telebistan lan egiteko asmorik izan. Canal + katearentzako egin izan dut lanen bat, baina ekoiztetxea abian jarri bezain laster, idatzi ditudan gauza gehienak pantaila handiko zinemari begira izan dira. Mundu honetan batzuetan laino tartean zaude eta bestetan lur azpian sakon. ETBrentzako egun lan egitea nahiko konplikatua da, irudiaren mundu honetan beti tentuz ibili behar zara .
Euskal gidoilarien maila ona dela uste al duzu? Euskal Herrian idatzitako gidoiak esportatu daitezke?
Euskal Herrian maila ona dagoela...dudarik gabe, gidoilari onak sortu dira gure herrian, ezagunenak aipatzekotan hor dituzu Jorge Gerrikaetxeberria, Julio Medem, Jose Miguel Ibarretxe, Calparsoro...profesional onak daude, gutxienez bertoko gidoilariak Estatukoen parean daude eta zineman zer esanik ez. Maila altua da.
Bertoko gidoiak esportatzeko zine industria indartsu baten babesa izatea beharrezkoa da. Gidoien maila ona da oso, baina aipatutako hori falta zaio. Euskal Herriko gidoilarien %80 Euskal Telebistan ari da lanean, muga batekin egiten duzu topo. Beraz, Madrilera jotzen dute askotan, aukera dutenek, bertan muntai aretoak, laborategiak, alegia, azpiegitura beharrezkoa aurkitzen dutelako.
Eta nolakoak dira gidoilarien lan baldintzak? Gutxietsita sentitzen al zarete?
Gutxietsita noski baietz eta askotan esplotatuak ere bai. Ez da izan nire kasua, nire anaiarekin batera ekoiztetxe bat abian jarri dugulako eta gure proiektuak guk geuk landu ditugulako. Baina Estatu mailan, gidoilariaren irudiak gidoia idatzi aurretik du garrantzia, behin idatzita eta gidoia erosita, desagertu egiten da. Sarritan gainera, gidoilariak jasaten du presio handiena, gidoia amaitzeko epe jakin bat jartzen zaiolako eta ekoizleak beti dituzu gainean. Estatu Batuetan adibidez, filmatuko den pelikularen aurrekontuaren zati garrantzitsu bat gidoiaren prestakuntzarako erabilten da. Eredu hori jarraitu behar dugu hemen.
Profesionala ez den gidoilari asko dago lanean, idazleak, aktoreak... Zein irizpiderekin hartzen da jendea gidoiak egiteko?
Zinemaren munduan hori arlo guztietan gertatzen da. Egun, antzezteko gai ez diren hainbat pertsonaia ezagunekin egin dezakezu topo, ez dira aktoreak baina telebistan irudia da garrantzitsuena. Zuzendari lanetan diharduten zenbait pertsonaia ezagutzen dut ere, lotsagarria da, ezaguna egiteko jendeak edozer egiten du. Nire kasuan, nik denetarik egin dut, muntaia, ekoiztu, zuzendu eta batez ere gidoiak idatzi, eta galdetzen badidazu, oraindik ez dakit nire burua gidoilaritzat daukadan. Zerbait izatekotan zinezaletu amorratua naiz, hori bai