argia.eus
INPRIMATU
"LIBURU HAU BAKOITZAK EGIN BEHARREKO LIBURUA DA"
Pilar Iparragirre 2001eko uztailaren 15

Nola deskribatuko zenuke «Hitzak eta giltzak»?
Nik uste dut norberaren bizitza adina iraun beharko lukeen liburu baten lehen atala besterik ez dela. Ez du metodologia jakin bat, amorrutik, irribarretik, bihotz kontu hortatik idatzita dago askotan. Nahi adina luza daiteke. Jada liburua entregatu eta gero ere, segitu dut neure apunteekin, etengabeko liburu bat delako, eta zerbaitetarako balio badu, honetarako izan daiteke: zain batzuk baditu, oso zain garbiak, eta horietatik tiraka bakoitzak bere esperientziak eransteko.

Zer aurkituko dugu bertan?
Bere hizkuntzarekin kontaktuan dagoen hiztun batek ahozgora egindako gogoeta batzuk. Eta horregatik diot hiztun adina liburu dagoela liburuan. Azken batean uste dut hitzen bitartez historiaren eta orainaren jabetza batera iritsi nahia dagoela bertan.

Hizkuntzaren azterketa bat al da zurea?
Beno, ez da hizkuntzaren azterketa filologiko bat. Ideologikoa da batez ere, egunero egiten ditugun aukeretan dagoelako gure ideologia. Irrati edo telebista batean entzuten dudanean Durangoko autopistako istripuan hildakoak egon direla; kamioia alemana dela, baina lo hartu zuen txoferrak jatorri turkiarra duela, hor ideologia dago. Egia izan daiteke, baina egia guztia ez da esaten. Eta ausentzia ere ideologia da. Horrelako gogoeta pilo bat dago liburuan. Exageratu bat naizela? Izan ere, liburu hau bakoitzak egin beharreko liburua da. Aipatu ditudan gaiak unibertsalak dira, baina nire ustez guk badaukagu kezka horretan plus bat, euskaldunak izatearena. Eta hortaz dihardu liburuaren bigarren parteak.