Baserriari eusteko baserritarraren etekinen etorkizuna lantzeko aukera guztiak zorrotz arakatu behar diren garai hauetan erreparoren bat ere jarri beharko diogu txanpon itsuari. Erreparo etikorik ez -nor ausartzen da?-, etika ahalbideratzen duen osasunaren aldekoak bai ordea.
Barazkigintzan laborantza hidroponikoa da egun txanpon ekoizpen basatira ematen ari direnen azken puntako saioa. Lurrik erabili gabe landareak ekoiztea da hidroponikoa. Erabat negutegietan lantzen da. Landarea lurraren ordezko bizigabeko material batzuen gainean jartzen da eta bizitzeko beharrezkoak dituen oinarrizko elikagaiak, botikak, ura, eta abar ureztatzeko sistema berezi batzuen bidez etengabe ematen zaizkio.
Laborantza mota hau jasangarritasunaren oinarrien aurkakoa da. Lurrari bere balio garrantzitsuena ukatzen dio eta hain geureak ditugun kalitatearen arauei guztiz bizkarra erakusten die. Hidroponikoki ekoitzitako barazkiek legeak ezarritako oinarrizko arauak betetzen dituzte baina kontsumitzaileari argi eta garbi zer eskaintzen zaion esan beharra dago: produktu kimikotan gordin-gordin oinarritutako jakiak. Berdin da Murtzian edo Durangoko euskal baserri batean ekoitzitakoak izan. Beti bezala kontsumitzaileak du kakoa: tomateak, piperrak eta abar erosterakoan hidroponikoak diren edo ez galdetu. Gero erosi edo ez zerorrek erabaki