Azken milioi urteetan gure basoen mugak nabarmenki aldatu dira klima aldaketen eraginez, klima tropikaletatik glaziazioetara. Gaur egun ikusten ditugun baso landareak, historian zehar ingurugiro aldaketa hauek guztiak eragindako eboluzioaren emaitza dira. Azken 5.000 urteetan klima hoztuz joan da, baso-espezie berriak agertu direlarik, besteak beste hain adierazgarri dugun pagoa.
Aro honetan, gizakia, basoa bere onurarako erabiltzen hasi zen, zura lortzeko, herriak edo landa soroak eraikitzeko, bideak, bazkalekuak, hasera batean suaren bidez, gero aizkorarekin ekiñez eta azkenik makinariaren bidez basoa erasotuz. Erromatarren etorrerarekin batera, gaztainondo edo pinazi-pinuak bezalako baso-espezieak sartu ziren.
Murgil gaitezen apur bat antzinako paisaiak zirenetan; Gipuzkoa, Bizkaia, Ipar Euskal Herria eta Nafarroa iparraldean haritza, gaztainondoa eta ametza ziren nagusi 1.000 metro bitarterarte, beti ere pagoa tartekatuta. Pagadi sendoak topa genitzakeen 800 metrotatik gora eginez, eta altuera hau gaindituz pinua eta izeia bateratuak. Bigarren mailako zuhaitz mota hauek ere topa genitzakeen; lizarra, urkia, zumarra, astigarra, haltza eta sahatsa. Araba eta Nafarroan zuhaitz nagusienak artea, miter txuria eta ametza ziren; goi mendietan berriz pinua, pinu beltza eta izeia.
Aro berrian basoaren ustiapena dela eta, 3 baso moeta bereiziko ditugu zuhaitzek jasandako mozketaren arabera izendatuko ditugunak: Txaradia, enborra azpi-azpitik mozten denekoa, denborarekin enborrari adar multzoa ateratzen zaio, 12-15 urteko epean mozten joango gara, egurrikatza egiteko balio duelarik, hau beti ere burdingintzarekin loturik egongo da. Tantaidia ezagutzen dugu bestalde, zuhaitz luzeak dira eta normalean 60 edo 100 urteren buruan mozten ziren. Batez ere itsasuntziak eta etxeak egiteko erabiltzen zituzten. Bada hirugarren baso moeta «modorrak» edo zuhaitz-motzak osatzen dutena, 8-10 urteko epean mozten ziren, lurretik 3 metroetara, abereak kimu berrietara irits ez zitezen. Modorrak beraz, abelzantzaren, burdingintzaren eta ontzigintzaren beharrak asetzeko sortzen ziren, denak aldi berean.
Azken urteotan espezie berri ugari ikusi ditugu gure basoetan, beti ere produkzio azkarra lortzeko helburuarekin landatutakoak: intsignis pinua, larizio pinua, makala, douglas izeia, haritz amerikarra edo alertze japoniarrak ... Baina honek guztiak baso artifizialak sortzera eraman gaitu egur eskaera handituz joan den heinean.
Bada azken aldian gure basoak erabat aldatu dituen zuhaitz espezie ezagun bat, Intsignis pinua (Pinus radiata) delakoa, pinu hau nonahi aldatua dago. Honek beste behin ere monokultiboaren ondorioak agerian utzi ditu:
- Batez ere biodibertsitatearen murrizketa. Murrizketa hau bikoitza dela esan genezake, zuhaitz eta bestelako landare aniztasuna bortizki gutxitzeaz gain, baso izaeraren galera eman dela esango dugu. Alegia, mendien birpopulazioek, zuhaitz masa bat osatzen dutela, ez basoa.
Jakina denez, honek basoaren menpe bizi den faunan eragin zuzena izango du, zehazki bertan gordetzen diren basapiztien habitata erabat mugatua izango da.
- Baso gaixotasunak ugaldu eta erraz zabaltzea eragin du. Gainera, izurriteei aurre egiteko produktu kimiko kaltegarrien erabilera bultzatu da.
- Suteen arriskua handitzea eragin du.
- Paisaia balorearen gutxitzea ekarri du eta horrekin batera, makinariaren sarrerak pistak eraikitzea,deforestazioa...
Basoak hamaika onura eskAintzen dizkigu.
Alde batetik, atmosfera garbitzen du, CO2 hartu eta oxigenoa aireratuz. Ur edukia erregulatzen du, ura sustraien artean gordez iturburuak ez dira urte osoan agortuko. Baso estaldurak higaduraren eragina ekiditen du.
Bestalde, gizakiak basoa maila ezberdinetan ustiatu du; egurra eta egurrikatzaz gain, medikuntzan erabilitako produktuak, papera egiteko zelulosa, eztia, onddoak, kortxoa, larrua ontzeko taninoak, fruituak, haziak, erretxinak, olioak.... Aipagarria da baita ere ehizaren gordeleku izan dela