Gazteek onartzen dute bolantearen aurrean arriskutsuak direla. Horrela frogatzen du, bederen, Bide Segurtasuneko Mapfre Institutuak enkargatu duen txostenak.
Inkesta horrek dioenez, gazteen % 70ak onartzen omen du arrisku altuko gidariak direla. Kontziente dira errepidean gertatutako ezbeharrak, asteburuetakoak batik bat, 15 urtetik 24 urtera bitartekoen aurreneko heriotza arrazoia dela. Galdetzen zaienean baietz diote, ezagutzen dutela arrisku hori, baina hala ere, % 15ak eta % 2ak, hurrenez hurren, uste dute drogak eta hiesa direla gazteen artean heriotza gehien eragiten dituzten fenomenoak.
Inkestako datuen arabera, moto-gidariak dira trafikoko istripuek dakartzaten arriskuen aurrean sentikorrenak, ziur aski arrisku horietan kalterik gehien jasan ditzaketenak ere beraiek direlako. Zer-nolako arriskuak izan daitezkeen beldurgarrienak galdetzen zaienean %35ak garuneko lesioak aipatzen ditu, %29ak berriz, orno-muineko lesioak, eta atzetik dator (gezurra badirudi ere) heriotzaren aipamena. Eta esperientziak edo eskarmentuak ez dirudi arduragabekeria hori zuhurtasun bihurtzen duenik, ezta gutxiago ere. Horrela, ibilgailu bat gidatzen esperientzia apur bat dutenek, eskarmenturik ez dutenak baino hausnarketa gutxiago egiten diote beren gidatzeko moduari (%65 eta %71-72, hurrenez hurren). Unibertsitate ikasleak sentikorragoak dirudite arazoaren aurrean, eta emakumezkoak gizonezkoak baino (%73 neskak, %66 mutilak)