argia.eus
INPRIMATU
EZPALAK
2001eko uztailaren 15

ARMENIA ETA EUSKAL HERRIA

ARMENIAK eta Euskal Herriak elkarren artean dituzten ezaugarri kultural komunak oinarri hartuta dokumental bat errodatuko dute armeniar aditu batzuek irailean. «Euskaldunak eta armeniarrak» izenburuko lana Gipuzkoa, Araba eta Nafarroan errodatuko da.


BILDUMA BERRIAK MARTXAN

BILDUMA berri bana jarri dute martxan Tarttalo eta Gatuzain argitaletxeek. Tarttalok «Abra» izenekoa aurkeztu zuen joan den asten Donostian. Bilduma honen baitan argitaratuak daude dagoeneko Toti Martinez de Lezearen «Señor de la guerra: por más valer en la tierra», Pablo Antoñanaren «Último viaje y otras fábulas» eta Juan Mari Irigoienen «Consummatum est». Gatuzainek berriz, haurrei zuzenduriko «Gatuberdeak» sail berria jarri du martxan. Amaia Hennebutte Millardek idatzi du sail honen lehen lana.


ZAMAREN AZTERKETA

EHUko Arkitektura Eskolako talde batek «Donostia» izeneko metodo berritzaile bat jarri du martxan. Honen bitartez eraikuntza historikoen elementu estruktural batek jasan dezakeen zama kalkulatu daiteke. Metodo hori dela-eta hainbat lan egin du Santiago Sánchez Beitia irakasleak zuzentzen duen taldeak. Besteak beste, Gasteizko Katedralean, Bilboko hiru eliza gotikoetan, Hondarribiko harresietan edota Kairoko El Ghouri akueduktuan lan egin dute. Eta datozen bi urteetan Espainiako sei monumentu garrantzitsuen azterketa egiteko enkargua jaso dute.


ERROBIKO JAIALDIA

HILAREN 18tik 21era burutuko da Errobiko Festibala. Lehen eguneko ekitaldiak Baigorriko Urdoze auzoan eskainiko dira eta hurrengoak, Itsasun izango dira. Dantza, jazza, poeta eta ipuin kontalariak, solasaldiak... izango dira bertan. Aipatzekoak dira Marokoko eta Tibeteko dantza eta kanta emanaldiak, Rokia Traore afrikarraren kantaldia edota Artze anaiek, Beñat Amorenak, Beñat Axiarik eta Mixel Etxekoparrek eskainiko duten «Oihana auhenka» ikuskizuna.


OLBE-REN ALDAKETAK

IRAILAREN 12an hasiko du Opera Lagunen Bilboko Elkarteak hurrengo denboraldia, baina dagoeneko 2001-2002 egitarau osoa finkaturik du. Aldaketa ugari egin ditu gainera aurreko urteekin alderatuz: orain arte zortzi opera egiten bazituzten ere, aurtengoan, soilik sei taularatuko dituzte Euskalduna Jauregian, eta bakoitzaren lau emanaldi eskaini. Gainera, sarreren prezioa %6,5 igoko da. Guztia arrazoi ekonomikoengatik.


BELARRETAKO FILMA

«BELARRA» izena du Koldo Almandozek zuzendutako laburmetrai berria. Egun bakarrean eta Leitzan errodatua, gertakari baten aurreko uneak laburbiltzen ditu. Napartheid-ek eta MK filmak-ek ekoiztutako lan hau muntaketa prozesuan dago egun. Bertan, Ainara Gurrutxaga, Iker Pernas eta Peru Almandoz aktoreek parte hartu dute, eta Iñaki Olaziregi arduratu da soinuaz.