Zure abizena euskalduna da. Euskal jatorria al duzu? Aiton-amonak Bergarakoak ziren. Aita hemen jaio zen eta ama Eslovakiakoa da. Txikitan ingelesez egiten genuen. Gero ikasi nuen euskaraz.
Noiztik zara euskal ikasketen zentroko liburuzaina?
1992tik, baina 1980an ere aritu nintzen ikerketan. Euskal ikasketek 17 urte daramatzate Renon.
Zenbat irakasle eta ikasle daude zentroan?
Orain irakasle gutxi gaude, sei. Ikasleei dagokionez, hizkuntza klasean hamaika daude, historia edo antropologian berriz, bost edo sei. Gehienak amerikarrak dira, familia euskaldunekoak. Euskal Herritik ere etortzen dira ikasle bekadunak, Renoko unibertsitateak izen ona baitu Euskal Herrian.
Zein liburu mota daude euskal liburutegi honetan?
Euskal diasporan espezializatu gara, baina euskal filologia eta literaturaren inguruan ere material ugari dugu, baita historia, antropologia, musika, dantza eta abarri buruz ere. Ia 40.000 liburu ditugu euskal gaiei buruz.
Ale bereziren bat ba al da?
Orain dela gutxi «Euskal Herria» izeneko aldizkari bat jaso nuen. Hemen bizi ziren Ipar Euskal Herriko euskaldunek argitaratu zuten joan zen mendean. Bilduma bat bakarrik daukagu, ez osorik. Aldizkari hori guk bakarrik daukagu.
Nondik iristen dira liburuak eta aldizkariak hona?
Harremana dugu Bilboko Urretxindorra liburudendarekin aspaldidanik. Eusko Jaurlaritzak eta Euskal Herriko Foru Aldundi guztiek kaleratzen dituzten argitalpenak ere hona bidaltzen dituzte. Nafarroakoarekin oraintxe hasi gara harremanetan. Guztira urtean 1.300 liburu inguru iristen dira, gehienak Euskal Herritik.
Pertsonaia garrantzitsuak ere izan dira liburutegian...
Orain dela bi urte Jose Antonio Ardanza lehendakaria etorri zen. Batez ere ikerlariak etorri dira. Pello Salaburu eta Gregorio Monreal ere izan dira, baina asko izan dira, gehienak unibertsitateko irakasleak: Gorka Palacio, Mariasun Landa... Hollywoodeko William Hurt aktore ospetsua ere etorri zen duela urte batzuk, hemengo euskaldunen bizitzari buruz film bat egin aurretik dokumentatzera.
Zer premia dituzue?
Gaur egun informazio asko sortzen da eta hona asko iristen da, baina ezin dugu dena jaso. Liburutegi ona izatea da helburu, baina euskaldunen diasporan espezializatu nahi dugu, Euskal Herrikoekin konpetitu gabe. Gure departamentua Renoko unibertsitateko zati txiki bat besterik ez da, baina nortasun handia ematen dio unibertsitateari. Irakasle eta ikasle gehiago behar genuke. Beharbada promozioa behar da ikasle gehiago izateko. Ildo horretatik, euskal etxeen elkartean publizitatea egin dugu, euskaldunen klubean, interneten web orria dugu...
Zenbat euskaldun edo ondorengo daude Nevadan?
Bost mila eta koska. Gehienak hemen jaioak gara. Estatu Batuetan 50.000 izango gara gutxi gorabehera. Ez dakigu hurrengo belaunaldiek euskal kontzientzia honekin jarraituko duten. Ni bigarren belaunaldikoa naiz, nire semea, Joseba, hirugarrenekoa. 16 urte ditu, ez daki euskaraz, orain erdaraz ikasten ari da. Euskal Herrira joango da euskara ikastera. Orain aukerak badaude, harremanak badaude euskal klubari esker, eta gazte munduari buruzko programa badago