Gaur egun, Euskal Herrian topa ditzakegun baso mota hauek aipatu nahi izan ditugu euren garrantzia ekonomiko, historiko zein ekologikoari begiratuz. Hala ere, kasu askotan, zaila izan ohi da zuhaizti bat izendatzean zein zuhaitz espezie nagusitzen den zehaztea.
GAZTAINDEGIAK.
Gaztainondoen fruitua gizaki zein animalientzat elikagai preziatua izan da. Beronen jatorriarekin nolabaiteko eztabaida dago, erromatarrek ekarri ote zuten edo ez; edozein modutara espezie honen hedapenean lagundu zuten.
Azken mendean espezie honek ia desagertzerainoko beherapena jasan zuen; arrazoiak bi izan ziren, biak ere onddoak eragindako gaitzak dira, Tinta izenekoa eta Txankroa.
Gaztainondoak beste zuhaitz espezieekin nahastuta bizi dira, haritz, lizar edo gereziondo, landare belarkaren artean. Ahabi, txillar edo ainarra, lurtzoru azidoetara hobekien moldatzen diren espezieak lirateke.
Baso mota hauek animali espezie bereziak gordetzen dituzte. Bi aipa genitzake, alde batetik muxarra, negua zuhaitz zuloetan ezkutaturik pasatzen duena eta bestetik katajineta.
BERTAKO HARIZTIAK.
Erdi Arotik zuhaitz ugariena eta erabiliena dugu. Beronen zura oso erabilia izan da eraikuntzan, adarrak egurrikatza egiteko, eta fruitu zein hostoak etxabereak bazkatzeko erabili izan dira. Harizti hauek mendien behe magaletan edo haranen sakonetan dute kokalekua. Hariztiak, pagadiak ez bezala, biodibertsitate itzela eskaintzen dute landaredi zein faunari dagokionez. Hariztietan tartekatuko dira otsalizar, urki edo elorri zuriak, baita landare belarkara ugari ere. Hor nonbait gorderik landa-sagu eta satitsuak ibiliko dira. Sastraka tartean basurdeak ibili ohi dira harrapatzen duten oro barneratuz.
Onddo biltzaileek ondo jakin ohi dute udazken aldera onddorik ederrenak non bilatu.
PAGADIAK.
Pagadiek izan dute lekua gure mitologian eta gure sineskerietan. Esan daiteke basorik bereziena dela, gutxi izango dira pagoaren itzalpean bizi daitezkeen landare espezieak; gorosti, txillar edo ezpela aipagarri ditugu. Hala ere, esanak esan, pagoa bakarrik hazten den zuhaitz espeziea dugu. Bigarren mailako espezie hauek euren bizi-zikloa pagadira moldatua izango dute eta pagoak hostoak atera aurretik bizi-ziklo gehiena osatua izango dute.
Pagadiak gustukoen dituen animalia oreina izango dugu. Bizilekua elkarbanatuz orkatz zein basurdea ageri dira. Gauaren iluntasunean basakatuak ibiliko dira belarriak erne dituztela, inguruan izango direlarik seguruenik azkonar zulakari edo lepahoriren bat ere.
Okilek ere gustuko dute pagadien enborrak zulatzea, isilik ibiliz gero entzun ahal dira baso barnean zulogile hauek