Birritan ikustera behartzen nauten filmen artean daukat Montxo Armendarizen azkena. Makiak. Etxean jaso nituen mutilkozkorretan haien berriak behin baino gehiagotan, gogogabean eta arreta urriz. Geroztik inguru hurbilean, Frantziako erresistente izandako euskal abertzale batzuengandik ere aukera izan nuen gaian sakontzeko. Baina ez nuen abagunea sobera baliatu, nahiz eta interes plantak egin. «Maquis la guerrilla vasca 1938-1962» Mikel Rodriguezen Txalapartak argitaratutako liburua ekarri didatenez, orain artean ez bezalako grinaz hurbildu naiz irakurtzera. Eta pertsonalki ezagututako jendea aurkitu dut liburuan. Nire lotsarako. Eta nago, nik haiekiko izan dudan errespetu eta ardura eza ordaintzeko tenorea heldu zaidala, Abertzaleen Batasuneko azken batzarrean gazte batzuek hori bera sentiarazi baitidate beren jarreraz. Niretzat nigandik oso urrun zegoen Espainiako gerra bezalatsua da hauentzat gure joan den hogeita hamabost bat urteko borroka. Aspergarria eta interes gabea. Zaharren ipuinak. Amets hautsiak. Eta gure huts berberak errepikatzen ari diren inpresioa dut. Galdetu fitsik eta gainetik pasa. Ea guk baino emaitza hoberik lortzen duten, denen beharra izanen baitugu