argia.eus
INPRIMATU
Varanasi: heriotza uretan
Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2021eko uztailaren 19a
Varanasi historia bera baino zaharragoa da, tradizioa baino zaharragoa, baita legenda baino zaharragoa ere, eta hau guztia batera baino bi aldiz zaharragoa dirudiĀ». Mark Twainek 1896an idatzitako hitz hauek irakurtzean, batek baino gehiagok Varanasin zibilizazio zahar baten arrasto hilen lasaitasuna esperoko du. Alferrik.

Milioi bat biztanle ditu Varanasik. Ehunka tenplu. Laurogeita hamarretik gora kremazio eta bainu gune. Milioi erdi jainko irudi. Eta izenak ere, mordoxka bat baditu; sorreran Avimukta zena, Benares izan zen ondoren eta hortik dator Varanasi egungo izena. Kashi ere esaten zaio, Argiaren hiria. Baita Mahashamshana ere, kremazio gune handia, alegia. Ugaritasunaren hirian koloreak ere ugariak dira, baita kontraesanak ere: zaharra eta berria, zikinkeria eta garbitasuna, miseria eta irribarrea, bizitza eta heriotza.
Edo agian irudimen urriko turista ustez orojakileon begietan dago soilik kontraesana.
Goizeko lauetan abiatu gara ontzi txiki batean purifikazio bila. Edo bueltan lagunei erakusteko postal bukolikoaren bila. Zetazko sariz jantzitako emakumeak imajinatu ditugu Gangeseko ur gardenetan Shiva jainkoaren presentziaz gozatzen (elefante zerutiarra ez baita inon Varanasin bezain gertu sentitu ahal), kremazioen suak irudikatu ditugu eguzki anitzeko egunsenti ederrean eta gure burua plisti-plasta ikusi dugu, hinduismoaz zipitzik ere ez ulertu arren, hinduisten jainko talde zabaletik bateren batek mesedetxoren bat egingo digun itxaropenez.
Azken ideia berehala baztertu dugu; Gangeseko ur santu garbitzailea kaki kolorekoa da. Egia da sariz jantzitako emakumeak badirela ghat-etan bekatuak garbitzeko erritualean. Baita gizonezko mordoxka ere. Baina garbiketa ez da soilik espirituala, eta han eta hemen ikus daiteke bat hortzak garbitzen, bestea txanpua eskutan edo arroparen jatorrizko koloreak berreskuratu nahian.
Gangeseko urek ez dute soilik eguneroko kanpo eta barne garbiketarako balio. Varanasi Yama heriotzaren jainko beldurgarriaren jurisdikziotik kanpo dago. Hiri honetan heriotza ezaguna eta onartua da. Bertan hil edo krematua izateak moksha ziurtatzen baitu, hots, jaiotza, heriotza eta birjaiotza ziklo etengabean aurrera egin eta azkenik infinituan arima askatzea. Horrek zer esan nahi du praktikan? Varanasi hildakoz, hil zorian daudenez, gaixotasunez beteta dagoela. Gorpuak sandalo egurrez erre behar dira eta horrek arazo bat dakar, egur hau urria eta garestia baita. Horrek esan nahi du askotan gorpuak ez direla guztiz erretzen Gangeseko uretara bota baino lehen. Batzuetan gorpu osoak ere topatuko ditu bisitariak. Izan ere, zazpi urtez azpiko haurrak, emakume ezkongabeak edo pozoiturik hildako emakumeak ezin dira krematu. Behi sakratuak ere bere horretan botatzen dira ibaira hildakoan. Horrelakoren bat tolatuz gero haren kiratsa oilasko errearen usainarekin nahastuko da une batez. Kremazioetatik oilasko errearen usaina baitator. Ikuskizun danteskoa. Baina baita zirraragarria ere. Batzuk errezoan ari dira extasiraino, beste batzuk euren burua hiru aldiz murgiltzen dute uretan, beste batzuk geldirik daude yoga postura sinestezinean eta mantraren errepikapenaren oihartzuna ere iristen da.
Hinduen ustez mundu honek eskain dezakeen guztia topa daiteke hiri honetan. Eta arrazoi dute, baina zentzurik onenean zein txarrenean. Ibai bazterretako kale bizi eta koloretsuetan sarnaz gaixotutako haurrak, miseriaren irudi gordinena grabatu baitigu buruan. Eta hala ere irribarrea beti ahoan. Baina gure higienerako obsesioak ez digu gauza handirik ikasten utzi. Eta hegazkina Delhitik aireratu den unean heriotzari betiko beldurra diogula konturatu gara. Berriro ere Kontxako ur zikinetan bainatu nahiko genukeela, alegia