Azken muntaiarako autore garaikide baten lana aukeratu duzue. Aurretik egin duzuenarekiko ezberdina da.
Formatuari dagokionez aurrekoen antzekoa da, baina oraingoan beste erregistroak aztertu eta bilatu nahi izan ditugu. Ez da hain obra korala, handietakoa ez den autore garaikide bat hautatu dugu, hainbesteko bermea ez duena, eta beste antzezpen mota berri bat ezagutu nahi izan dugu, aktore helduago batekin, gure estiloarekin nahasteko eta elkarri kutsatzeko. Ez genuen lokartu nahi, sorkuntzak arriskuak hartzea behartzen du.
Ur eta Shakespeareren harremanak jarraitzen du dena den, «Lear erregea»k elkartzen ditu bi pertsonaiak.
Ur ez da inoiz Shakespeareren tragediekin ausartu. Bere azken garaiko tragediek, «Lear erregea» kasu, bizitzaren ezagupen handia eskatzen dute. Nik uste «Macbeth» edo «Lear erregea» bezalako obra gogorrei hurbiltzeko aitzakia inkontzientea izan dela, zuzen jo gabe. Autore garaikide baten bitartez inguratzea izan da. Beste begi batzuen bitartez bilatzea.
Antzezlanean antzerkiaz hitz egiten da, egia eta gezurraz. Holokausto judua da obraren oinarria, epe historiko hori aztertu nahi zenuten?
Sorkuntzan, antzerkian konkretuki, lan egiten duenak nekez saihes dezake gizakia. Norberak zein zibilizazioren parte den galdetzen dio bere buruari eta holokaustoa bezalako irrazionalitatea egiteko gai den zibilizazioaz etengabe berpentsatu behar dela iruditzen zait. Gainera garai hartan propagandak mundu guztia hartu zuen mendean. Elementu horiek erabiltzen ziren lehen aldia zen, egun menderatuta gaude erabat. Dena desitxuratu zen, gauzen ikuspegia manipulatu zen, eta min asko egin zen. Terezinen itxuraz gertatu zenak galdera bat eragiten du: noraino artea batzuetan izan daitekeen okerrenaren konplizea. Eta honetan aritzen garenontzat galdera ona da.
Taldekideek hausnarketarako beta hartu zenuten 1998an eta bakoitza bere aldetik ibili da lanean. Krisian al zeundeten?
Aldaketaren zentzuan bai, krisia zen. Denak ere pertsonalki eta profesionalki hazten ari ginen eta taldeak bakoitzaren nahiei eta ez bakarrik kolektiboaren abiadurari erantzungo zien irtenbideak arbitratu behar zituen. Jendea nekatua zegoen beti etxetik kanpo, biran eta zuzenean egoteaz eta hori higadura emozional eta estres handia da. Gauzak lasaiago hartzea planteatu zenean, nik kanpoan zuzentzea erabaki nuen.
Valle Inclanen obra bat egingo duzue.
Obra honen produkzioa eta biraren antolaketarekin bukatzean Valle Inclanen zein obra muntatuko dugun erabakiko dugu. Zalantzan gaude aktore askoko obra bat, aktore helduagoekin edo aktore gazteagoak dituen beste bat hartu. Asko interesatzen zaizkigun hiru edo lau obra ditugu mahai gainean l