Badihardugu, Deba bailarako euskara elkartea da, eta inguruko euskalkia sustatzea du helburu. Bertako herri-hizkera aztertu eta indartzeak, euskara bera aberastuko duela dio elkarteak.
Badihardugu elkartea 80-90 bat lagunek osatzen dute, Mutrikutik hasi eta Gatzaga bitarteko hamazazpi herritako (Bergara, Eibar, Oñati, Arrasate eta Antzuola, besteak beste) hainbat kultur eta euskara elkartek, idazlek, filologok eta euskaltzalek.
Elkartearen sortze batzarra azaroaren 25ean izan zen, eta bertan elkartearen eginbeharrak finkatu ostean, zuzendaritza batzarra izendatu zen.
Lehendakaritzat, Serafin Basauri eibartarra izendatu zuten, eta lehendakari ordezko bezala Juan Martin Elexpuru idazle bergararra.
ELKARTEAREN EGINBEHARRAK.
Bailarako euskalkia indartzeko, elkarteak garrantzia ematen dio gurasoek seme-alabei txikitatik beren euskalkian hitz egiteari, herri-hizkera familian, etxean, sendotu dadin.
Halaber, herri komunikabideek bertako euskalkia jorratzea garrantzizkotzat dute. Informazioa sinesgarria izan dadin, beharrezkoa baita hizkuntza hurbila, afektiboa eta beroa erabiltzea. Serafin Basauri elkarteko lehendakariaren ustetan, "garrantzitsua da ahozkotasuna indartzea, eta herriko hizkerari buruz dauden konplexuak uxatzea, eta euskalkiak txisteak kontatzeko balio digun moduan, artikulo bat idazteko erabiltzea". Horretarako, Deba arroko euskalkiaren idaztarau komunak ezarri dituzte, ahoskera jorratu dute eta hiztegiaren ehuneko larogei jada osatu dute. Deba ibarreko berezko diren hitzak mantenduz. Esate baterako, trikuharriari "perikuxia" esaten diote.
Badihardugu elkarteak, ez du euskara batuaren kontra egin nahi, euskara batuak bere funtzioak eta esparrua baitauzka elkartearen ustetan. Euren ustez, garrantzitsua da euskara batua eta euskalkia uztartzea; izan ere, azkena menperatzeak batua menperatzea baitakarki. Fernando Muniozguren elkarteko kideak zera adierazi du: "Gu ez gabiltza nostalgiaz, bizitza arruntari eta egunerokotasunari euskalkian erantzun nahi diogulako eta euskara ona, jatorra eta bizia nahi dugulako baizik. Badakigu, zuberotarrekin eta lapurtarrekin mintzatzeko, eta ulertzeko euskara batua ezinbestekoa dela".
Elkartearen sorreraren nondik norakoak ezagutzeko denboran atzeruntz jo behar dugu. Duela hamar bat urte, Deba bailarako euskaltzaleak beren euskalkia indartzeko helburuarekin eta idazketarako ortografia arau komunak, zehazteko bildu ziren. Lehen txostenak Juan Martin Elexpuru idazlearenak dira, eta ondoren etorri dira, batetik, aipatu elkartearentzat giltzarri izan den Koldo Zuazoren "Deba Ibarreko Euskeria" liburua, eta bestetik, herri komunikabideei buruzko Fernando Muniozgurenen idazlanak. Garai hartan ordea, heldutasun eta gaitasun eza gailendu zen eta ez zen deus mamitzerik izan. Eta, gaurdaino, herri bakoitzak bere bideari ekin dio.
Etorkizunean, Badiharduguk eskualdeko udalekin, ikastetxeekin eta aisialdi taldeekin hitzarmenak sinatu nahi ditu: "Asmoa udalekin, eskolekin, hitzarmen bat egitea da eta elkarlan bat bultzatzea, herritarrengandik oso gertu dauden erakundeak direlako eta euskalkiaren erabileraren inguruan zeresan handia daukatela iruditzen zaigulako"; aipatu digu elkarteko Serafin Basauri lehendakariak.
EKIMEN eta aurkezpen ZABALA.
Sortarazten zaizkien arazo eta kezkak, herri komunikabideekin, beste herri eta eskualdeekin, euskara elkarteekin eztabaidatu eta elkartrukatu nahi dituzte. Horregatik, Badihardugu elkartea Euskal Herri osoak ezagutu dezan, eta ekimena gizarteratzeko, aurten elkartearen aurkezpena Bilbon egingo dute.
Badihardugu Elkarteak Deba bailaran berezko diren hitzak eta esapideak erabiltzea nahi du, igelari "ugarixoa" esatea, edota elkartearen izenak dioen legez, euskara batuan "ari izan" erabiltzen den lekuan badihardut edota badihardugu erabiltzea. Euskalkia baita, herri bakoitzaren nortasunaren islada eta aldi berean euskaldunok desberdintzen eta batzen gaituena