argia.eus
INPRIMATU
Eskubide guztiak, euskaldun guztiontzat
2001eko uztailaren 01
Munduko bazter guztietan, ondorio samingarriak dituzten gatazka politikoak soluziobide politikoak aurkitzen ari dira, herriek beren kabuz inongo mugarik gabe erabakitzeko duten eskubidean oinarrituta. Horrela jaso-tzen dute nazioarteko oinarrizko itunek; giza-eskubideen eta herrien eskubideen inguruko itunak, elkar ulertzea eta elkarren errespetuaren oinarri direnak, nahiz eta estatu moderno askok ez dituzten berretsi. Ez da Estatu espainiar zein frantsesaren kasua; batak zein besteak sinatu dituzte gizabanakoen eskubideak zein eskubide kolektiboekiko errespetua, oinarrizko eskaera baita nazioarteko komunitatearen aurrean homologazio demokratikoa lortu ahal izateko. Gizabanakoenak zein kolektiboak diren eskubide demokratikoak eskubideak dira «per se», ez dira bozketapean irabazten ala galtzen, ez dira gehiengo zein gutxiengoen arabera bermatzen ala baztertzen. Erlijio baten kide edota sinesmen baten aldekoa izateko eskubidea ez da bozkatzen; modu berean, herri bati dagokion autodeterminazio eskubidea ez da bozkatzen; berez dagokio, eta kitto.

MUNDUKO herriak dira eskubide horien subjektua, eta horrelaxe jasotzen du Nazio Batuen Batzar Orokorraren 1.514 ebazpenak. Euskal herritzat hartuko genuke bere esisten-tziaren jabe den euskal komunitatea, berezkoak dituen eskubideak eraginkortasun betean jartzeko prest dagoena. Komunitate horrek Euskal Herriko lurraldeetan du kokaleku eta erabaki-tzeko eskubidea du gutxiengo-gehiengo joko guztien gainetik. Gauza bat baita euskal herri edo komunitate horri dagozkion berezko eskubideak, eta beste bat zein elkarbizitza eredu emanen lioketen Euskal Herriko biztanleek euren buruari eskubide guztiak bermatuta egon daitezen. Logikoki, behar-beharrezkoa da prozesu horretan kanpo-injerentziek ez baldintzatzea euskal herritarren erabakiak, horrela eskubide guztiak eraginkorrak zein gauzagarriak izan daitezen.
Inposaketa Estatu espainiar eta frantsesarengandik jaiotzen da beraiek sinatutako nazioarteko itunen betetzeari uko egiten diotenean (ikus. Helsinkiko Ituna, 1975; VIII. titulua). Espainiako Konstituzioak berak armadari ematen dio enkargua bere 8. artikuluan. Horrek herrien eskubideen kontrako eraso zuzena izateaz gain, gizabanakoen eskubideen kontrako eraso garbia suposatzen du, hain zuzen, Euskal Herriak libre izateko duen eskubideen aldekoak fisikoki meha-txatzen dituelako. Egungo marko juridiko-politikoak gureak ez diren hizkuntzak, kulturak, kirol-selekzioak, justizia administrazioak, nortasun agiriak, zerga ordainketa eta hemengoak ez diren polizien inposaketa bermatzen ditu. Aukeratu ez ditugun eredu frantses zentralista edota erregimen espainiar monarkikoaren menpe izatera behartu nahi gaituzte.

ESTATU horiek esan dute ez dutela aitortuko gatazka politikoa dagoela, ez autodeterminazio eskubidea. Euskal kulturaren gutxiagoratzea mugimendu espantsionista eta kolonizatzaile espainiar eta frantsesaren ondorioz eman da; hori da inposaketaren jatorria.
Autodeterminazio eskubidearen aitortzak ez du suposatzen eskubide hori automatikoki ejerzitatuko denik. Areago, eskubidearen aitortza izan daiteke hainbat abertzale epelek behar duten aitzaki erraza eraikuntza nazionaleko dinamikei muzin egiteko. Zentzu horretan, Estatu espainiar eta frantsesak autodeterminazio eskubidea ukatzen jarraitu izanak ez du zertan mugatu behar ezker abertzalearen iniziatiba politikoa eskubide horren aldarrikapenari dagokionean. Aitzitik, lehentasunezkoa da subjektu, foro eta instituzio nazionalen eraikuntza euskal herria den eskubide-subjektu komunitatearen eskabideei egoki erantzun ahal izateko.
Autodeterminazio eskubidearen aldarrikapenak ezin gaitu gure lan nagusitik aldendu: harreman, instituzio, foro eta subjektu nazionalen eraikitzea euskal herriari berezko neurri kolektiboa eta lurralde aldetikoa eman ahal izateko. Lan hori beharrezkoa da Euskal Herriari zor zaion burujabetzaren eskenatokira eramateko eta mundu globalizatu batean bizirauteko.
Beraz, etorkizun hurbilari begira hortxe daude gako politiko nagusiak. Nekez espero dezakegu aurrerapausorik Gobernu espainiar eta frantsesaren aldetik Euskal Herriaren autodeterminazio eskubidearen aitortzaren bidetik. Hori dela-eta, ardura berezia izaten jarraitzen dugu konponbide demokratikoan sinesten eta eskubide guztien aldarrikapenean eta beren aitortzaren erdiestean gure lana ikusten dugunok. Eskubideen aitortza eta errespetuak ezinbestekoa jarraitzen du izaten gatazkaren irtenbide demokratikoari begira eta beraz, hortxe dugu erronka euskal demokratok: eskubide guztiak, euskaldun guztiontzat, Euskal Herri osoan