argia.eus
INPRIMATU
OBRAREN SUNTSITZEA
2001eko ekainaren 24a
Antxon Ezeiza zinemagileak «Euskaldunon Egunkaria»n egin zioten elkarrizketan zinema bikoizketari buruz eginiko adierazpenak dira honakoak:
«(...) Bi arazok egiten dute talka hor. Batetik, sormen artistikoarena dago, benetako normalizazioarena, ikusle euskaldun bati normaltasun osoz bere hizkuntzatik abiatuta eginiko filmak ikusteko aukera ekarriko diona. Bestetik, euskaldunak beste kultura batzuetako lanak euskarara ekarrita ikusteko aukeraren kontua dago. Normalizazioaren bigarren parte hori bakarrik jorratzen baldin bada, gaurko asea biharko gosea bilaka daiteke. Espainian horixe gertatu da Francok 1942an EEBBetako filmak bikoiztea erabaki zuenetik. Hamar urteren buruan, Espainiako zinemaren pantaila kuota %30etik 8ra jaitsi zen. Yankiak izorratu beharrean, opari egin zien, bertako zinemak txertatze erabatekoaren aurka zuen babes bakarra, hizkuntza, ezabatu zuelako. Eta bidenabar, Espainiako zinema industria miseria gorrira eraman zuen. Orduan, ahalegin txiki batekin euskaraz iraupen erdiko film bat egin beharrean, ‘Titanic’ euskaraz eman nahi dugu, ateak erabat zabalduz eredu horri. Multinazionalak oso gustura daude. (...) Produktu kulturalarekiko errespetu falta ikaragarri batetik abiatzen da bikoizketa. Bikoizketa obraren suntsitze bat da beti, hizkuntza bakoitzak bere dramaturgia daukalako (...)».