Dema-plaza edo probalekuan iskanbilatsu, errezelo piztaile entzuten den egur-hotsa bolatokian samur entzun eta gero moxalak, behokak eta zaldikoak ikusi asmoz abiatu ginen eskoadrilan igandean. Ia hilabeteko lehorte latzaren osteko eurite gozoen ondoren zalapartatsu, algaraka zetorren Amezketa erreka Aralarren beheiti.
Automobilei bezala basoari ere bidea ixten dion Hondarreko langan gora luze eta zabal hedatzen dira larre-belazeak. Lainoen barruan gindoazenez moxal kontuaz laster etsi genuen, Aintziungo Joxe Antonioren bordako sagardoaren ederrak eta ekonomikaren epelak, euriak hostazuriak bezala, gozo limurtu ginen. Bazkalosteko bueltan artzainaren baratza ezagutu nahi nuen, xelebreak izaten dira beheko lurretakoontzako goietako harresi arteko txoko horiek. Hotza motzean hiltzen da han eta porru, aza, zerba letxu eta abarrek tarte urria dute hazteko. Konturatzerako uda badoa. Eta uda motza bada, udaberria etorri ordurako, kolpean, joana da. Beheko lurretan bi edo hiru hilabeteko tartean loratutako landareak denak batera garatuta ziren han. Kuku-belarra (Aquilegia vulgaris) ere han ageri zen, bide ondoan, arra beteko txortenean lore ubelak zabalduta. Azkar moldatu eta egokitua bizitoki gogorrera. Beheetan luze, luze botatzen du gara kuku-belarrak; edozein belarditan topatuko dituzu lore ubel makurrak gerriaren parean eta kokotsean behar baino gehiago elikatutako lorategietan. Goi hauetan baino hilabete edo bi lehenago…