Zergatik titulu hori, «Ipuin errotikoak»?
Bada, ipuin erotikoak idatzi nahi nituelako nik, baina horretarako problemak izan nituen. Izan ere, ipuin erotikoak idazteko nahitaezkoa da esperientzia, eta nik behintzat nahikoa esperientzia gutxi daukat horretan. Ezkondu ginenetik ere, uste dut nahiko esperientzia kaskarra dugula horrelako ipuin liburu bat idazteko.
Esperientzia, eginez hartzen dela diote, ordea...
Eta saiatu nintzen horretan ere! Baina… nahiko petral. Eta gainera problemak izan nituen, batez ere emaztearekin. Azaldu nizkion ipuin erotikoak idazteko neuzkan arrazoiak, erotismoa eta pornografiaren arteko aldea... Baina berari biak oso gauza nazkagarriak iruditzen zitzaizkion. Esan nion ere, matizazio kontua dela, eta jada beroturik, aitatu nizkion filosofo handi batzuen izenak ere: Heidegger, Schopenhauer, Kierkegard, Savater… Baina Savater aipatu nionean, bueno! Akabo nireak, emazteak ezin baitu Savater begien bistan ikusi! Esan zidan ea ni ere «Basta Ya!»n sartzekotan ote nenbilen… Beno, ez nuen konbentzitu. Beraz, ipuin erotikoak idatzi ezin nituenez, ipuin errotikoak idatzi ditut.
Eta zer kontatzen duzu horietan?
Neure betiko obsesioak, hausnarketak, buruhausteak eta miseriak. Beti liburu berdina ari omen naiz idazten, eta jada literatura uztea ere desiratzen nago, baina… ezin dut. Barrenengo zera bat daukat, bakean uzten ez nauena, eta aurrera jarraitzen dut. Santa Teresak zioen arriskatu egin behar dela bizitzan. Nik ez dut horrenbeste egin, baina literatura arrisku gisa ulertzen dut eta arriskurik gabeko literaturak, niri behintzat, ez dit interesik sortzen.