argia.eus
INPRIMATU
DAMUA GARAIZ
Jose Ignazio Ansorena 2001eko ekainaren 24a
Baleriano Iraolak idatzi eta 1897.ean Oiartzungo Euskal Jaietan saritutako antzerki umorezko baten izenburua da. Arrakasta handia izan zuen eta herri oroimenean zerbait geratu da. Oraindik ere gaur egun bazkalondoetan abesten den hau handik dator:

Erreguetan ari nintzala,
etorri zait albistia,
ama zureak nahi ez duela
biok alkarganatzia.
Nola ez neukan oraindiokan
gauza hori erabakia,
berbertatikan, asmo hartzen det,
lekaimetan sartutzia.
Niretzat, geratu den baliorik handiena esakera bera da. Damua garaiz. Bizitzan maiz gogorarazteko moduko esamolde interesgarria.
Damua zer den ia ahaztuta dago gure egunetan. Ederki adierazten zuen nolako damua behar zen Asteasuko Erretore Agirre zaharrak: "Confesio ona eguiteco bear dan bigarren gauza da eguindaco utseguiteen damua, edo dolorea. Ala dio Trentoco Concilioac. Animi dolor, ac detestatio. Ez da ordea asco edoceñ asco damu Urliac galdu du jocoan, edo trabesean duan gucia: sandia ciquindu eta erdi-usteldu da, becatuaren bideetan dabillela; berendia ezcongura gueyeguiarequin cuturtu da atseguin lotsagarrietara, eta utzi due quirastua dagoan gauza bezala: damu andiarequin daude oec; baña damu au da emengo calteetatic sortua, ez Ceruticacoa, edo sobrenaturala, eta au da Confesio onac escatzen duana. Alaere emengo neque, eta calteac ascotan laguntzen dioe becatariari Ceruco damuaren mallara igotzen".
Elizan bularrean ematen diren kolpeetan antzezten da damua. Baina Agirrek aurrerago gogorarazten duenez, ez da nahikoa barkamena lortzeko. «Obrazco satisfaccioa» ere behar da. Partikularren arteko arazoetan damuak eragin zehatzak izan ohi ditu: barkamena eskatu, sortutako kaltea konpondu, hartutako erabaki desegokietan atzera egin... Tira, nafar jota hark gogorarazten duena:
Antes como te quería,
planté un pino en tu ventana.
Ahora que ya no te quiero,
cojo el pino y me lo llevo.
Telebistan ikusi nuen, azken udal hauteskundeen ondorengo erreportaia batean, Gaztelako herri bateko alkateari egindako elkarrizketa. Elementua alkate egon zen Francoren garaietan, geroago UCD-ren izenean, PSOE-ren zerrendetan ondoren eta azkenetan PP-k aurkeztuta ere bai. Lotsagabe erantzuten zion kazetariari:
-Zuk ez al duzu gehiegi aldatzen?
-Ez, ez, aldatu besteak aldatzen dira. Ni beti alkate.
Lotsagabetasuna maila bat da zenbait jardunetan. Eta gure alkatea primerako artista horretan. Baina irentsigarriagoa egiten zait modu horretako jarrera, gero eta gehiago ikusten ditugun buruzagi epel zerrenda luzearena baino. Adiskide batek maiz aipatzen duen esaldi topikoarena da: "Gaztetan piromano, zaharretan suhiltzaile".
DENOK dugu hanka sartzeko eskubidea. Eta ez behin bakarrik. Giza eskubideen zerrendan jarrita behar luke. Baina behin eta berriro hanka sartu dutenek, ziabogagile profesionalek, mutur batetik besteraino jo dutenek, kontuz ibili behar dute gizarte buruzagi izan nahi badute.

Espainiako Federico Jiménez Losantos edo Piqué ministroa gaztetan ezker muturrekoak izan direla jakiteak, adibidez, negargurea ematen digu oraindik ere gizakumeen duintasunean sinistu nahi dugunoi. Lehenagoko adiskide berberak maiz errepikatzen ohi du: "Ulergarria da. Gaztetan ezkerreko partiduetan ibili behar. Askozaz gehiago egiten baita txortan".
Konturatuko zineten gehienetan damuak zein aldetara jotzen duen. Hori ere susmagarria egiten zait. Damutuak botere edo gizarte sarean zenbat eta sartuago, orduan eta damutuago. Gero eta pobre gehiago eta pobreago. Gero eta botere zanpatzaileagoak. Gero eta... Nahikoa da.

Ostiral goizero joaten omen zitzaion Maritxu alarguna erretoreari pekatuak aitortzera. Eta astero pekatu berbera: Martin okinarekin oheko ingurutxoa dantzatu izana. Erretoreak azkenean nazkatuta honela bota zion:
-Baina, Maritxu, nola da posible? Ostiralero etortzen zara kontu berarekin!
-Noski, Martin ostegun iluntzetan etortzen baita.

Damua garaiz