Ardoak gure osasunari ekar dakizkiokeen mesedeak asko dira, baldin eta edari hori neurriz eta modu arduratsuan kontsumitzen bada.
Egunean baso bat ardo hartzeak, otorduetan, minbiziaren agerpenari aurre hartzeko balio omen du, baina abantailak ez dira hor bukatzen, infartu bat edukitzeko arriskua ere gutxitu egiten omen da-eta. Hainbat ikerketak frogatu duen bezala ardoa omen da osasunari mesede gehien ekartzen dion edari alkoholikoa: ardoa neurriz edateak minbizia eta gaixotasun kardiakoak edukitzeko arriskua gutxitu egiten duela frogatua da, eta bihotzeko gaitz bat jasateko arriskua % 24 gutxitzen da ardorik edaten ez dutenen aldean.
Garuneko tronbosia jasateko arriskua ere gutxitu egiten da ardo-kontsumo moderatuaren ondorioz. Egunero-egunero otorduekin ardo-baso bat hartzen dutenek garuneko tronbosi bat izateko pertsona abstemioek (edaten ez dutenek) baino % 32 posibilitate gutxiago omen dituzte. Eta ikerketa berak zera dio, ardoak badituela substantzia nutritibo batzuk garuneko irrigazioaz arduratzen diren arterietan arteriosklerosiarekin lotutako prozesuen garapena atzeratzeko gai direnak. Ardoaren kualitateak ere balio dezakete Alzheimer-en gaitzaren agerpena prebenitzeko, adin kritikoan dauden pertsonen artean. Baina prebentzio hori ez da gertatzen gehiegizko edaleetan, hauek gaixotasuna garatzeko aukera gehiago baitituzte.
Beraz, irakurle laguna, ardoa bai, baina neurriz eta tentuz bakarrik!