argia.eus
INPRIMATU
MAITE DUT TRENA... (BAINA EZ ZUENA!)
IƱaki Mendiguren 2001eko ekainaren 17a
Maite dut trena. A zer erosotasuna berea! Gidatzeak duen ardura barik, autoa non utziko kezkatu gabe... Lizardiren "Bultzi-leiotik" oroituz... kanpoko paisaiak barneratuz... jende artean jendeago sentituz... libururen bat irakurriz... maite dut trenez ibiltzea!
Beraz, oso ondo iruditzen zait trena bultzatzea jendearen eta salgaien garraiobide izateko. Eta oso ondo, trenik ez dagoen lekuan tren-proiektuak abian jartzea. Baina aurrez zerbait dagoenean, azpiegitura zahar hori berritu litekeen edo ez galdetu beharko genuke lehenik. Hemen azkar, azkarregi, erantzuten da ezetz, eta autobide, trenbide... berriak behar direla. Tira, demagun arrazoi dutela.


Bestelakoa da, ordea, EAEko Abiadura Handiko Tren (AHT) edo zorioneko Y horren kontua. Planteatua dagoen bezala eta dituen ezaugarriengatik, sinestezina egiten zait herritar gehienontzat onena eta lehentasunezkoa denik. Inolako proportziorik ez diot ikusten bere helburuen eta kostuen artean.
Hiriburu batetik bestera tximista bezala joan behar omen du, eta horretarako ez omen dago beste era batera egiterik. Aizu, eta zergatik ez geldixeago ibili, leku gehiagotan gelditu eta jende gehiagori zerbitzu emango diona egin, merkeago eta txikizio urriagoarekin?
Hain beharrezkoa ote da salgaiak Donostiatik Bilbora 45 minutuan joatea? Udan izozkia eramateko ala? Eta izango dira alkandora zuriko gorbatadunak Bilbotik Gasteiza egunero lehenbailehen joan nahi dutenak (eta txartela ordain dezaketenak!), baina horien beharrak zuritzen ote du tamaina honetako proiektu erraldoia? Izugarrizko aurrerapentzat saltzen zaigu Donostiatik Gasteiza 40 minutuan joatea, baina tartean inor ezingo da igo edo jaitsi, nahiz eta trena muturretatik igaro burlaka. Adibidez, Goierri edo Urola Garaitik ezingo gara Debagoienera -gero eta ikasle eta langile gehiagoren bilgunera- joan, edo Durangaldera edo...
Eta proiektuaren aldeko argudio onik ezaren ondorio da agian orain arteko prozesu iluna, zehaztasun eta informazio gutxikoa eta eztabaidarik gabea. Tamaina honetako proiektuak, beren inpaktu fisiko edo ekonomikoagatik eta jende askoren bizi-kalitatean duen eraginagatik, askoz hobeto azaldu beharko litzaizkiguke guztioi, batez ere, kaltetuei. Eta ba al dago politikari edo teknikaririk bere bulegotik irten eta herriz herri proiektu honen alde egingo duenik? Ez da nahikoa alderdi politiko nagusien goi-zuzendaritzek onespena eman diotela esatea. Oso demokrazia xuhurra da hori.
Hemen inoiz ez da erreferendumik egiten (horretarako hautatzen omen ditugu ordezkariak!) eta NIP edo Interbentziogune Parte-hartzaileak ere behin-edo antolatu dira (Maltzaga-Urbina azpiegituraz eztabaidatzeko). Azkar ahaztu dira Leizarangoaren irakaspenak!


Baina burugabe hutsak ote dira, bada, proiektu hau pentsatu eta saldu nahi digutenak? Bai zera! Horrexegatik sortzen da mesfidantza bizia, baten batek ongi dakielako zertan ari den: kanpoko interesengatik (eta gure arteko gutxi batzuen probetxurako) asmatu eta goitik behera ezarritako proiektua ematen du, lobby ikusezin baina oso errealen presioen lorpena, eta gutako askoren ezjakintasunaz, axolagabetasunaz edo etsipenaz baliatua. Komunikazioaren eta informazioaren gizartean, erabakirik garrantzitsuenak isilean hartzen dituzte, auskalo non! (eta gu, inozoak halakoak, gure ordezkariek parlamentuan hartzen zituztelakoan!).
Abiada eta zarata dira gure gizarte honen bi ezaugarri nagusietakoak. AHTarenak ere bai: zarata batzuentzat, eta abiada handian kontu korronteak gizentzea besteentzat.