Lehengo mendearen bukaeran Arabako hegoaldean anbarra aurkitu zuten. Anbarra garai bateko zuhaitzen erretxin fosilizatua da. Fosilizatzerakoan anbarrak intsektuak, hostoak, lumak, eta tankerako arrastoak bere baitan mantentzen ditu eta behin datatuz gero garai hura hobeto ezagutzeko material ederra bihurtzen da. Anbar arabar hau Kretazikokoa omen da, Jurasikoaren ondorengoa, duela 110 bat milioi urtekoa.
Anbar hau Agathis generoko konifero baten erretxinarena omen da. Araukariazeoen familiako genero hau garai hartan mundu osoan hedatua bizi zen, baina egun Ozeano Bareko hego-mendebaldean soilik aurki daiteke. Hogei bat espezie ezagutzen dira eta denak zuhaitz erraldoiak dira. Agathis australis da espezie nabarmenena. Zeelanda Berrian bizi da eta bertako maoriek Kauri deitzen diote. 1.000 urte inguru dituzten zuhaitzak ba omen dira eta handiena Tane Mahuta da (maorieraz, Oihaneko jauna). Jaun honek 4,4 metroko diametroko enborra du eta 40ko garaiera. Zuhaitz hau bizi den Waipoua Oihan "Santutegian" badira garaiagoak, 51 eta 56 m. dituztenak. Kauriaren erretxina sukaldaritzan, argiztatzeko, arrantzan, tatuaiagintzan eta txikle gisa erabiltzen dute maoriek. Matakohe herriko Elizako errepidean museo bat ere badute
osoki zuhaitz honi eskainia. Arabar anbarrak Gasteizko Jesusen zerbitzariak kaleko Natur Zientzien Museoan ikus daitezke .