argia.eus
INPRIMATU
Mariasun Landa
"AUKERAKO EGOERA DA NIREA EUSKAL IDAZLE BATENTZAT"
Pilar Iparragirre 2007ko otsailaren 21a
Nola sentitzen da bat bere lana itzulia ikusterakoan?
Imajina dezakezun bezala. Aukerako egoera da nirea euskal idazle batentzat, alegia zortzi-bederatzi hilabete bakarrik merkatuan daraman euskarazko liburuaren erdarazko bertsioa Anaya bezalako argitaletxe espainiar batek eta "Sopa de libros" bilduma ospetsuan argitaratzen diola ikusi ahal izatea. Egoera normalizatu baten irudipena dela esango nuke.

Zer alde dago jatorrizko ipuinetik itzulitakoetara?
Oso pozik gelditu nintzen euskarazko liburuarekin, Jokin Mitxelenaren ilustrazioak izugarri politak baitziren. Baina itzulitako liburuan nire ipuinaren beste irakurketa bat ezagutzeko aukera izan dut, Asun Balzolarena. Aspalditik ezagutzen dut, elkarrekin lan asko egin dugu, eta halere bere irakurketa erabat berria iruditu zait, hau da, plastikoki liburu berri baten aurrean nengoela.

Gustura zaude, beraz...
Opari bat izan da hau guztia niretzat. Eta oso une egokian lortutakoa, gainera, zeren aurten hogei urte beteko ditut ipuinak idazten, eta neure erara ospatu nahi nuen hori, txanpain pixka batekin-edo. Eta txanpaina agertzen da ipuin honetan ere, sorgin protagonistari oso gaizki ateratzen zaizkiolako haurrei egin nahi dizkien sorginkeriak, eta bere arrakasta bakarra irakasleak txanpain botila bihurtzea delako... maisu berezi bat ezagutzen duen arte. Maisu hori literaturan klasikoa den irudi baten azalpena da, heriotza -kasu honetan sorginkeriaren kalteak- geldiarazteko ipuinak kontatzen dituen narratzailearena. Grimm anaien "Hansel eta Gretel" ipuina kontatuz bereganatuko du sorgintxoa maisuak.