Nafarroa Behereko Donamartiri udalerrian ditugun kobazulo hauek ez dira Hego Euskal Herrian oso ezagunak, baina Europako hegoaldeko santutegi paleolitikorik garrantzitsuenetakoak dira. Haitzuloak berez hiru dira, lehenbiziko Izturitze eta haratago dagoen Otsozelaia (biak turismorako prestatuak) eta zientzialarientzat erreserbatua dagoen Erburua. Bisitatzen badituzue 50.000 urtetan populatutako gune magikoa ezagutuko duzue. Izturitzen hasteko -betidanik ezaguna eta populatua- gure arbasoek eginiko animalien margoak ikus ditzakezue, baina benetan aho zabalik utziko zaituztetenak Otsozelaiako estalaktita eta estalagmitek sortutako itxura harrigarriak dira: "Amatxi Laminen Egoitzan", "Budaren Tenplua", "Pagoda Txinatarra"... bakoitzak bere izena du eta egia esan izen bitxiok ez diote gehiegikeriarik, hain ederra eta harrigarria baita aurrean dugun ikuskizuna! Bisitaldi gidatuak (gidaria euskalduna da) 40 minutu irauten du eta kanpoko museoan mamut baten izterrezurra behatzeaz gain, postalak eros ditzakezue (barruan ezin da argazkirik atera eta postalok lagunei ikusi duzuenaz sinestarazteko froga bakarra dira)