argia.eus
INPRIMATU
ELKARTEAK
INDARRAK BILTZEKO JAIO DA BAITE ELKARTEA
  • Azpeitian euskararen normalizazioa bultzatzeko Baite elkartean bildu dira herrian euskalgintzan aritzen diren taldeak. Memento honetan elkartearen sendotzeko asmoz ari dira lanean eta euskalduntze plangintza bat gauzatzen ari dira.
2007ko otsailaren 21a
Baite elkartekoek adierazi dutenez, Azpeitian euskarak bizi duen egoera uste baino txarragoa da. Euskalgintzan aritzen den hainbat talde kezkaturik dago herriko hainbat esparrutan euskara bazterturik dagoelako: enpresetan, dendetan, anbulategian, epaitegian, prentsa irakurtzeko joeran. Horietan gaztelera nagusitzen da. Gauzak horrela, Azpeitiako euskalduntze talde ugari Baite Euskara elkartean bildu eta euskalduntze plangintza bat abian jartzeko lanean hasi ziren iazko apirilean.
Azpeitian euskara mailan dagoen gabezia azpimarratu nahi izan dute Baite elkartekoek. "Azpeitia herri euskalduna da, kale giroan eta hitz egiterakoan batik bat, baina ez euskaltzalea", adierazi du elkarteko Mikel Arregi kideak.
Elkartea herriko talde anitzek osatzen dute: herriko ikastetxe guztiek (Urola BHI, Karmelo Etxegarai, Ikasberri, Betharram, Iraurgi, Jesusen Alabak eta Milagrosa), Uztarria kultur koordinadorak, Udal Euskaltegiko langileek, AEK-k, EHEk eta Erniarraitz bertso elkarteak. Talde hauetaz gain Baite euskara taldean badaude banaka parte hartzen duten kideak ere.
Baiteren aurkezpena otsailaren 10ean egin zen Azpeitiako Aitonena aretoan eta elkartearen aurkezpen lanetan Juan Inazio Azkue lehendakaria (Urola Ikastolako irakaslea), Nagore Illarramendi (Jesuitinen Ikastetxeko kidea) eta Laxaro Azkune (Erniarraitz bertso elkarteko kidea) aritu ziren. Baiten bildu arte ez omen zegoen Azpeitiako euskalgintzako taldeen artean harreman handirik. "Orain arte Azpeitiako euskalgintzako taldeak nahiko sakabanatuta aritu dira. Bazegoen harremanik inguruko taldeen artean: AEK eta EHE, edo ikastetxe erlijiosoen artean esaterako. Baina guztien arteko harremanik ez zegoen orain arte. Elkartearekin horrekin puskatzea lortu dugu", adierazi digu Baiteko kide den Mikel Arregik.
Azpeitiako euskalgintzako talde ezberdinen arteko harremanak iazko apirilaren 14an Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak deitu zuen bilera baten ondorio izan ziren. Bilera horren ondoren, herrian euskalduntze plangintza bat garatzeko asmoz Azpeitiako euskalgintzako taldeak bi astean behin-edo biltzen hasi zen. Azaroaren 14an Kontseiluak Azpeitia aukeratu zuen, beste hainbat herrirekin batera, euskararen normalizazioa bultzatzeko esperientzia pilotua abian jar zezan. Esperientzia aitzindari hau Tolosaldeko 28 udalerritan, Sakanako mankomunitateko 15 herrietan, Eibarren, Hernanin, Mutrikun, Ondarroan, Saran, Soraluzen eta Altzan ere burutuko da.
Hala ere, azkenaldian euskararen normalizazioa bultzatzeko Azpeitian sustatu nahi den esperientzia aitzindari hori nahiko motel dabil Baiteko kide den Mikel Arregik adierazi digunez: "Plana nahiko geratuta dago, azken aldi honetan. Izan ere, Udalak Kontseiluaren plana babestuko zuela sinatu zuen arren, orain atzera egin du, aitzakia bezala Eusko Jaurlaritzaren biziberritze plana jarriz. Dena den, gure asmoa herrian euskararen normalizazioa gauzatzea da, batak edo besteak plana egin".
Plangintzen inguruan baikor ageri dira Baite euskara taldekoak, horrelako planek herrien euskalduntzea lor dezaketela uste baitute. Plan estrategiko hauek gizartea dute subjektu garrantzizkotzat. "Gure ustez gizarteak izan behar du protagonista, eta bide horretan euskalgintzari dagokio prozesuaren motor izaera. Ez dugu protagonista izan nahi, baina normalizazioa gauzatuko dela bermatu nahi dugu", esan digu Arregik.


TALDEAREN IZAERA ETA HELBURUAK.

Baite Euskara taldea euskaltzale guztiei irekia dago eta euskara normalizatzeko beharrezko eta egoki diren lan eta ekintzak antolatu nahi ditu. Elkartea sendotzeko Baite-k bazkideak lortzeko kanpaina bat egiteko asmoa du aurki.
Taldearen izaera autonomoa azpimarratu dute euskara elkarte honetako kideek; beste edonolako elkarte, alderdi politiko edo erakundeekiko funtzionamendu autonomoa izango dutela. Bestalde, egitasmoak bultzatzerakoan, ahal den heinean Udalarekin lan egiten saiatuko dira. Baiteren azken helburua Azpeitian euskara normalizatzea da eta horretarako bitarteko helburu hauek finkatu dituzte, besteak beste: euskarazko kultur espresioak antolatzea eta bultzatzea, euskarazko komunikabideak bultzatzea, erdaldungoa erakartzea, eta euskararekiko dugun jarreraz hausnarketa autokritikoa bideratzea.
Euskararen aldeko lan eta antolakuntzetan murgilduta dauden beste elkarte edo erakundeekin koordinazioa eta elkarlana mantentzeari ere komenigarri irizten dio Azpeitiako elkarteak, funtzioen errepikapena saihesteko helburua izaki.