argia.eus
INPRIMATU
Hiruko Txikian
ADOS
Joxemari Ostolaza 2001eko ekainaren 10
Kartzelatan, bereziki euskal ezker abertzaleentzat leku egitearekin. Izan ere, huts egite zozo batzuk medio, Espainiaren irudi demokratikoa zuritze aldera beren enpresa Estatua hain maitekiro eta eskuzabal defendatu zutenen artean gutxi batzuek guztiena ordaindu behar izateari ez deritzot zuzena. Ez da bidezkoa espainol gehienek susmatu eta txalotu gobernamendu guda estrategiaren petoen ondorioak, gutxi batzuen bizkar uztea. Eta PPk PSOEren hutsaldiak erabili bazituen ere Moncloa eskuratzeko, ez ditu psoeistak errekaratu, nahiz eta argira erakutsi duen hauen ezgaitasuna eta kalitate eza guda kudeaketan. Gizartearen aitzinean irrigarri utzi ondoren, bakartze plantak egin eta gehiengoaren ezkutuko nahiari men eginez barkatu egin ditu aitagure pare baten truke. Guztia bere lekuan. Horrela, Estatuak gel perfumatuaz dutxa hartu eta modazko jantziz jarraituko dio betiko guda estrategiari kalitatezko diploma internazionala xede, borreroak kaltedun zozotzat erakutsiz. Bitartean, euskal militante presoen aurkako primergradoko inpunitatea gizentzen doa etengabeki, haien etxekoen bakartzea lortzeko asmoz. Gure esku dago hein batean Estatuaren porrota. Ekin .