Euskal Eskola Publikoaren festa Iruñeko Takonera parkean ospatuko da ekainaren 3an, igandean. Urtero bezala ikastetxe batek hartzen du ardura nagusia jaialdia ongi prestatzeko eta aurten Iruñeko Sanduzelai ikastetxeari egokitu zaio. Leloa "Milurteko berrian aitzindari" da. Nafarroako ikastetxeak etorkizunari begira baikor azaltzen direla adierazi nahi izan dute antolatzaileek lelo hau aukeratuz. Sortzen Ikasbatuaz erakundearen esanetan: "Etorkizunari ateak ireki behar zaizkio, milurteko berrian erronka eta helmuga berriak eraiki behar dira. Guztion artean eta guztiontzat izango den irakaskuntza eta prestakuntza eraberritu behar dugu, berritzeko gogoak ematen dion kalitatearekin. Azken finean, Euskal Eskola Publikoa nahi dugu, guztiona eta guztiontzat".
Sortzen Ikasbatuazek antolatuta aurtengoa Euskal Eskola Publikoaren VI. jaia izango da. Beraz, lehenengo festa 1996. urtean egin zen. Sortzen Ikasbatuaz erakundeari euskara zabaldu eta aldarrikatzeko jaia egitea beharrezkoa iruditu zitzaion orain dela bost urte. Hasierako eta jaialdia egiten jarraitzeko helburu nagusiak batez ere lau izan dira: euskararen presentzia aldarrikatzea; helduak eta haurrak mintza daitezen gune bat bideratzea; euskara ikastetxeetatik kanpo erabiltzen den hizkuntza dela adieraztea; eta, Euskal Herriko ikastetxeen arteko harremanak sortu eta sendotzea.
Eskola Publikoaren xedea.
Etxetik hurbil eta egunez egun hobetuz doan eskola, kalitatezko eskola, anitza eta guztiei irekia izan nahi du. Jatorriz euskaldunak edo erdaldunak diren ikasleak elkarrekin euskaraz, hazi, ikasi eta bizitzea eskaintzen duen hezkuntza dago oinarrian. Hau hedatzeko Euskal Eskola Publikoa Hizkuntza Normalkuntza Proiektuaren barruan dago, hots, euskara hizkuntza normalizazio bidean jartzearen zereginean. Euskara eta euskal kultura integrazio eta identifikazio tresna nagusiak dira, eskola jardueraren ardatza eta beste hizkuntza eta kulturekiko errespetu eta elkartasun adierazleak. Eskola Publikoaren helburua gizarteko funtzio guztiak euskaraz jaso eta sortzeko gaitasunak dituen hiztun osoa garatzea da.
Nafarroako ikastetxe publikoetan euskarazko ereduetako matrikulazioek izan duten gorakada nabarmena izan da azken urteotan. Urtez urte D ereduak gora egin du. Hasieran guraso askok seme-alabak gazteleraz ongi jakingo ez zutenaren beldurrez ez zituzten nahi D eredura eraman, baina denborarekin konturatu dira eredu jakin honetakoek, hain justu, beste ereduetakoek baino hobeto menperatzen dituztela bi hizkuntzak, euskara eta gaztelera, alegia.
Hizkuntza aukeratzerakoan gurasoek izaten dituzten buruhausteez gain badira makina bat oztopo gainditu beharrekoak. Sortzen Ikasbatuaz erakundeak adierazi digunez, "esate baterako, Nafarroako kasuan hizkuntza eta politika nahastu dira eta ez dira konturatu, edo ez dute nahi izan, nafartar askoren bizi hizkuntza euskara dela. Euskarak Nafarroan izan dituen mugak gainditu behar ditugu. Nafarroan gertatutako eztabaida eta polemika euskararen biziraupenean gertatu izan diren milaka trabaren adierazle garbia izan daiteke" .