argia.eus
INPRIMATU
LANDAREAK
PALMONDOEN SASOIA
  • Indianoen antzera etxe atariak palmondoz hornitzen hasteko garai aproposa da; hegoaldeko nekazariei kasu egin eta sasoi honetan landatu beharko genituzke, eta ez neguan.
Jakoba Errekondo 2001eko ekainaren 03a
Urteko egunik luzeenetan gaude. Atarietan lizarra, elorri zuria eta malba eta larrosezko erramilotak laster iltzatuko direnez, jabetu ere egin gabe, udako solstizioa etorriko da, eta egunez egun, minutuka-minutuka gaua hazten hasiko da eguzkiak bizkarra ematen digun eran. Sasoi honetan lurra berotua da dagoeneko eta sustrai mokofinak dituzten palmondo eta palmerak landatzeko garai aproposa da.
Urteak daramatzagu euskaldunok palmondoak gurtzen. Kristautasunaren eraginagatik gure erramu edo ereinoaren tokia hartu zuen garai batean. Indianoek amerikarren odol zirripiztinak eskuetatik garbitzeko denborarik hartu gabe, patrika bero-bero eginda etxera bueltatzen zirenean baserria edo indiano-jauregi berrien atari aurrean palmondo bat landatzeko ohitura zuten. Landare jande hau oso gurea dugu; eguraldia hartzen ari den zantzuarekin gero eta geureagoa. Hegoaldeko nekazari eta lorazainengandik ikasten hasi beharra daukagu. Bazen garaia, hala ere, batzuei ikaragarri kostatzen zaie hegoaldetik zerbait ikasi dezaketenik sikiera pentsatzea ere... gero halako porru-haziak. Palmondoak negu-neguan landatzen ikusten dira bateren batzuk han eta hemen; gehienak sustraiak izoztu eta ihartuta hor izaten dira gero urte guztian astakeriaren adibide. Orain, orain tokiz mugitu palmerak, lur harro haretsuan landatu eta lehen urtean eman ura suelto. Ehun urtetik gorako palmeratzarrak ere amultsuki tratatuz gero inongo zaputzaldirik gabe txintxo-txintxo itsasten dira.