Oreka TX txalaparta taldeak "Quercus endorphina" izenburuko diskoa kaleratu du Elkarlanean zigilupean, antzinako euskal soinu tresna honi ate berriak ireki nahi dizkion lana. Igor Otxoak eta Harkaitz Martinezek osatzen dute taldea eta lau urte daramatzate elkarrekin, Kepa Junkerarekin "Bilbao 00:00" diskoan eta zuzeneko emanaldietan hasi zirenetik. Berak bultzatu zituen lan sendo hau egitera, orain arte txalaparta beti bigarren plano batean gelditzen zelako. Bederatzi urte pasa dira tresna hau lantzen hasi zirenetik. Taldearen izenaren arrazoia argi dago, ez hainbeste diskoarena. "Quercus haritzaren familiaren izena da eta endorphina gure gorputzak sortzen eta isuritzen duen hormona bat da, ondo sentiarazten gaituena. Endorphina dezente isuriak gara gu txalaparta jotzen eta txalapartaren inguruan lanean", azaldu digu Harkaitz Martinezek. Duela bi urte hasi ziren lan honetan eta joan zen udan Amasan IZ estudioan grabatu ondoren, orain ikusi du argia.
Musikalki lan berri honen gauzarik aipagarriena txalaparta kromatikoa sortzea da, beste instrumentuekin nahastu ahal izateko, nota bakoitza sortzeko ohol bat egin dute. "Horrek melodiak egiteko aukera eman digu, kantetan harmonia egiteko, arpegioak egiteko", dio Martinezek. Orain arte ez zen horrelakorik egin. Gainera harriekin eta burdinekin ere gauza bera egin dute. Ohol bakoitza nota bat bihurtzeko belarriz bilatu behar izan dute neurriarekin jokatuz eta dentsitate berdina mantenduz egur guztietan. Eta harriekin gauza bera, zinzel batekin eta rotaflex batekin harri asko puskatu behar izan dituzte, oso hauskorrak direlako. Tinbre desberdineko dozena bat ohol motz samarrak ibiltzen dituzte normalean beren saioetan, eskalan ordenatuta, eta kanten arabera oholak aldatu egiten dituzte. Horregatik kanta bakoitzaren nolabaiteko partiturak idatzi behar izaten dituzte, oinarri horretatik abiatuta inprobisatu ahal izateko.
Txalaparta afinatzen lehenak.
Lehen esan bezala, bederatzi urte daramate Igorrek eta Harkaitzek txalaparta munduan. Lehendik musika oinarririk bazuten. Harkaitzek gitarra jotzen zuen eta Igorrek txistua, baina txalaparta ikusi eta txundituta gelditu ziren. Txalapartarekin batera musika ikasi dute. Bakoitza bikote batean zebilen duela lau urte Kepa Junkeraren diskorako elkartu arte. Horrezkero Phil Cunningham, Hevia, Alisdair Fraser eta Oskorri bezalako taldeen proiekto diskografikoetan eta Europa, Amerika eta Japoniako jaialdietan parte hartu dute. Eman duten pauso honekin txalaparta edozein perkusio tresnaren parean jartzeko arriskua aipatu diegu, baina erabat desberdina dela diote. "Bi jotzaileon arteko lotura, uztarketa, ez da perkusioan ematen. Probatu ditugu beste perkusio tresnak, baina erabat desberdinak dira. Gainera txalapartak beste balio antropologiko bat dauka, herri honen adierazgarria da, berezia, ez guk asmatua, kanpoan batzuk uste duten bezala", dio Igorrek.
Txalaparta afinatu duten lehen txalapartari hauek, kanta melodikoak jotzen dituzten lehen txalapartari hauek, soinu tresna zahar honi ate berriak ireki nahi dizkiote. Beste musika tresnekin uztartu dute eta gainera lehen mailako nazioarteko musikariekin aritu dira lan honetan: Glen Velez perkusionista estatubatuarra, Madagaskarreko Justin Vali valiharekin, Eskoziako Phil Cunningham teklatu eta pianoan, Michel Bordeleau kanadiarra (La Bottine Souriante taldekoa) eta Euskal Herriko Ibon Koteron albokajolea, Kepa Junkera trikitilaria eta Mikel Laboa abeslaria. Unibertsaltasuna behintzat ezin zaie ukatu. Ukitu etnikoz beteriko lana sortu dute. Kolorez bete dute ttakun eta herrenen basoa. Kanta bakoitzak badu gonbidatu bat, kanta bakoitzak gonbidatu bati eremu handiagoa eskaintzen dio. Justin Valik kanta batean abesten du, Laboak beste batean eta gero badaude beste batzuk disko osoan parte hartu dutenak, perkusionistaren kasua da. Oso ondo moldatu dira denak txalapartaz eginda zegoen oinarri horretara.
Diseinuan ere apustu handia.
Lan honekin apustu handia egin dela ez da dudarik. Mikel Fernandez grabaketa teknikaria aipatu behar da bereziki. "Oso gertutik bizi du txalaparta, inplikazio handia izan du lan honetan, gertutik atera nahi izan du egur eta makil soil batek ematen duen tinbre, kolore eta hori guztia", esan digu Harkaitzek. Diseinu aldetik ere asko landu dute: argazkiak, testuak... Liburuska ederra atondu dute denen artean. "Gure asmoa zen diskoan entzuten dena ikustea nolabait. Jendeak ikustea nolakoa den txalaparta. Diseinua bizia, alaia, disko barruan dagoena adierazteko nolabait", dio Igor Otxoak. Txalapartaren azalpen testuak Juan Mari Beltran, Jorge Oteiza eta egileenak beraienak dira. Argazkiak berriz, Alberto Elosegirenak. Iban Arrizabalaga arduratu da testuetaz. Itzultzaileak, KAP bulegoa, argitaletxea eta beste partaideak ere ez dituzte ahaztu nahi Igorrek eta Harkaitzek.
Kepa Junkera ez da ekoizlea soilik izan, berak bultzatu zituen Igor eta Harkaitz lan hau burutzera, lagundu zituen gonbidatuak bilatzen, abesti gehienak egin zituen... Partaide garrantzitsua izan da lanean. Gainera Espainiako dantza konpainiako zuzendaria den Nacho Duatok bere hurrengo koreografia lanerako erabiltzea lortu du. Junkerak Miguel Boseri pasa zion diskoa eta hark Nacho Duatori eta honek hamaika kantuetatik sei hartu eta Madrilgo Teatro Realen egin berri duen dantza muntaiarako erabili ditu .