argia.eus
INPRIMATU
Ixiar Rozas
"GEHIEGI MAITE DUTEN GUZTIEK ESKAINI NAHI DIET"
Pilar Iparragirre 2001eko ekainaren 03a
Nola bururatu zitzaizun "Yako"?
Kleopatrak hil aurretik esan zuen esaldi batek eman zidan liburu honen burutapena. "Airea eta sua besterik ez naiz" esan omen zuen Kleopatrak, justu suge pozoitsuari koska egiten utzi aurretik. Hori irakurri nuenean, suari buruzko lan bat idazteko beharra sortu zitzaidan. Gainera, tartean Sizilia ezagutu nuen, eta Etna, hango sumendia (ordura arte nik ez nuen sekula sumendi bat ikusi eta liluratuta gelditu nintzen gainean elurra zeukan sumendi horrekin). Orduan, gehiegi maite duen bati beroa dariola etorri zitzaidan burura, eta horrela sortu zen Yakoren istorioa.

Nor dugu, bada,Yako?
Uharte batean munduratzen den haur bat. Baina otarratxo batean datorrenez, inork ez daki nor den eta nondik datorren. Halere, bertakoa balitz bezala hartzen dute. Guraso batzuk dauzka eta anaia ere bai. Baina adinarekin konturatzen da inguruko guztiak uxatu egiten dituela, eta triste jartzen da, ez baitu ulertzen horren zergatia. Uharteko anaiak azaltzen dio gehiegi maite duelako gertatzen dela hori: gehiegi maite duenez, sua dario, eta su horrek gerturatzen zaion guztia erre egiten du. Orduan Yako ikasketa bilakatuko zaion bidaia luze bat egiten hasten da, berotasun hori apaldu nahian. Baina oso urrunera joan arren ez da "sendatzen".

Nori zuzendua dago zure idazlan hau?
Haurrentzat egokia den hizkera erabili dut, nire ustez, baina helduentzat ere aproposa delakoan nago. Dena den, gehiegi maite duten guztiei eskaini nahi diet. Istorioa ez da inolaz ere dramatikoa, abentura bat baizik. Eta ez dut geografikoki inon kokatu, umeen irudimenak ez daukalako mugarik.