Euskaldunek Iruñean euskaraz aritzeko zailtasunik ez dute gaur egun, baina duela pare bat hamarkada bestelakoa zen egoera; ez ziren asko euskaraz zekitenak eta haiek ere jarduteko aukerarik ez zuten ia. Orduan, ez zeuden ez Euskalerria Irratia, ezta Euskal Telebista eta Euskadi Irratia ere. Donostian garai hartantxe sortu zen Arrano Beltza elkartea eta Nafarroako hiriburuan ere antzerako topaleku edo elkarte baten beharraz ohartu zen hainbat euskaltzale.
Zaldiko Maldiko elkartea Arturo Campion euskaltegiko ikasle batzuen eta zenbait euskaltzaleren ekimenez jaio zen Trantsizio garaiko lehen urteetan. Euskaltegiko ikasleekin batera, sortzaileen artean ziren, besteak beste, Jose Bernardo Jauregi, Iñaki Zabaleta eta Sagrario Aleman.
Orduz geroztik, euskararen aldeko ekimen ugari abiatu dira Ansoreaga kaleko egoitzatik. Iruñeko euskaltzaleen topaleku izan da Zaldiko Maldiko eta haiek bultzatuta sortu dira Nafarroako Kantu Txapelketa eta Nafarroako Bertsolari Elkartea, besteak beste. Euskararen Aldeko Batzarra ere, bazkide batzuen ekimenez sortu zen. Halaber, hainbat talde euskaltzaleren proiektuak Zaldiko Maldikon jaio dira, afari baten aitzakian askotan.
Gaur egun, elkarteak 140 bazkide ditu. Juanja Iturralde sortzaileetako bat da, "bazkide beteranoen jitekoa" bere hitzetan, eta, azken urteetan bazkide egin diren gehienak ikastoletako eta euskaltegietako gazteak direla dio berak. Beteranoen iritziz, gazteentzat elkartea "instrumentalagoa" da, afari eta bazkarietarako erabiltzen baitute gehienbat. Baina, belaunaldi berriak ere oso parte hartzaileak direla dio Iñaki Saldise bazkide gazteak.
Dena den, Zaldiko Maldiko ez da elkarte gastronomikoa, kulturala baizik. Eta hamabostean behin kultur ekitaldi irekiak antolatzen dituzte. Gainerakoan, elkartea erabiltzeko beharrezkoa da bazkide izatea, eta, guztiz ezinbestekoa euskaraz hitz egitea.
ELKARTE ELEBAKARRA.
Euskaraz bakarrik mintzatzea da Zaldiko Maldikoko bazkide izateko baldintza nagusia. "Gizarteak, tamalez, lehen bezain diglosiko darrai eta Iruñean inork gutxik egiten du euskaraz egun osoan, beraz, aisialdirako derrigorrezkoak dira hau bezalako elkarteak", dio Mikel Murgi bazkideak. Bera ere sortzaileetariko bat da. Egun, Zizurren bizi da baina bazkide izaten jarraitzen du, horrela badu txoko bat Iruñera joaten denean gustura egon, euskarazko prentsa irakurri eta lagunekin euskaraz aritzeko. "Horrekin betetzen da garai hartan amesten genuena; txoko bat izatea euskaraz aritzeko, orduan ez baitzen ia aukerarik", azaldu digu Mikelek.
Hogei urtetan euskararen egoera hobetu egin da Iruñean, baina Juanja Iturralderen iritziz, oraindik batzeko eta harremanetarako funtzioa betetzeko Zaldiko Maldiko beharrezkoa da.
Ghetto bihurtzeko arriskuaz ere inoiz ohartarazi dituzte, euskararekiko duten jarrera dela-eta. Baina kideen ustez, euskaraz aritzeak berebiziko garrantzia du gaur egun ere.
Bi hamarkada betetzera iritsi den arren, bidean hainbat oztopo eta zailtasun gainditu behar izan ditu elkarteak. Lehen hiru urteetan noraezean ibili ziren Ansoreaga kaleko egoitzan finkatu arte.
1990.eko hamarkadan egoitza galdu zuten ia; zarata zela-eta bizilagunak kexu agertu zirelako. Goiko solairua erosi, atea eta leihoak isolatu, sotoa afaritarako egokitu, eta ordutegia murriztu behar izan zuten. Taberna bezala ere funtzionatu zuen urte batzuetan, baina ez zuen luzaro iraun.
HOGEI URTE OPARO.
Oztopoak oztopo, euskararen alde lan handia egin du Iruñerriko elkarte euskaltzaleak. Hogei urteotan gizarteak aurrera egin du eta euskararen mesederako beste bitarteko batzuk sortu dira Nafarroan, baina Zaldiko Maldikok bizirik darrai, eta euskararen alde eginez bizirik jarraitzea oso positibotzat jotzen dute elkartekideek: "Helburua ez zen Iruñerriko euskaldun guztien aglutinatzaile izatea, euskararen alde egitea baizik, eta horretan, erreferentzia puntu gara".
Hogeigarren urtemuga dela-eta ospakizunetan murgilduta dabiltza bazkideak. Otsailean "Hiru puntu" antzezlana eta Mikel Urdangarinen kantaldia antolatu zituzten. Bertso-afaria ere egitekotan dira garai bateko bertso eskolan ibilitakoekin. Eta horrez gain, aldizkari bat argitaratuko dute, euskararen egoeraz gogoeta egin eta Zaldiko Maldikoren historia ezagutarazteko .